18 Urr

Udalerri aktiboak

Datorren urriaren 28an , ostirala, Bergaran hurrengo jardunaldia burutuko da: “Udalerri Aktiboak: tokiko sareak sortzea eta horien funtzionamendu egokia jarduera fisikoa sustatzeko”.

Ondorengo arloetako espezialistei, profesionalei eta politikariei zuzenduta dago: jarduera fisikoa eta kirola, osasuna, ongizatea, hezkuntza, hirigintza, ingurumena eta beste batzuk. Goizeko 9:00etan hasiko da eta 14:00etan bukatu, eta Bergarako Zabalotegi Aretoan izango da.

Izen-emateak Kirolaren Euskal Eskolaren web-gunean burutu beharko dira.

Info+

municipios_activos_eu

19 Abu

Jarduera fisikoa sustatzeko diru-laguntzak 2016

Osasun Sailak jarduera fisikoa sustatzea xede duten proiektuak diruz lagunduko ditu beste behin. 2013-2020 Osasun Planarekin bat eginez, eta Mugiment, gizarte aktiboagoa sortzeko markoaren baitan, bi agindu argitaratu ditu diru lguntzak banatzeko; lehenengoa jarduera fisikoa sustatu nahi duten toki-erakundeei zuzenduta; bigarrena mugikortasun aktiboa bultzatu nahi duten ikastetxeei bideratuta.

Toki-erakundeei  zuzendutako laguntza bi arlotan fijatzen da:

  • Hirietan eta hiri-inguruetan ibilbideak edo pasealekuak egokitzeko eta dinamizatzeko programak eta esku-hartzeak, herritar guztiei zuzenduak; ibilbide horiek seguruak izango dira eta behar bezala seinaleztatuta egongo dira, ohiko joan-etorrietan mugikortasun aktiboa errazteko eta aisialdi aktiboa sustatzeko.
  • Tokiko sare bat sortzeko beharrezkoak diren jarduerak. Tokian-tokian jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa prebenitzeko ekintzak eta estrategiak lehenetsi, planifikatu eta garatuko ditu sare horrek, partaidetza-prozesuen bidez.

 

Ikastetxeei zuzendutako laguntzak honako helburua du:

  • Hiri-espazioek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz eskola-bideak sortu eta dinamizatzeko finantzazioa eskaintzea 2016-2017 ikasturtean zehar eta, modu horretan, eskola-umeen mugikortasun aktiboa eta segurua sustatzea. Eskola-bidetzat joko dira ibilbide zehatz eta finkoak, markatuak eta dinamizatuak, eskola-umeek erabil ditzaketenak ikastetxeetako joan-etorriak modu aktibo, seguru eta autonomoan egiteko, oinez zein gurpil-oholez edo bizikletaz, eta, horrekin batera, espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzea.

 

Lehenengoaren diru-hornidura 292.000€ra iristen da, eta eskaera epea irailaren 16an bukatuko da. Bigarrenaren kasuan, diru-hornidura  94.000€koa da, eta epea urriaren 14raino luzatuko da.

Info +

17 Ots

Sedentarismoa Vs Inaktibitatea

Pertsona batek, esna dagoenean, denboraren erdia egoneko jarreratan ematen ditu, ordenagailua edo telebistaren aurrean eserita, adibidez. Horregatik, gomendagarria da, batetik, astean zehar  gutxienez 150 minutuz jarduera fisiko moderatua egitea 10 minutuko edo gehiagoko saioetan, eta bestetik, egoneko jarrera batetan jarraian ordutebe baino gehiago ez ematea. Ordu betez behin, jaiki egin behar gara ibiltzeko, luzaketa erraz batzuk egiteko edo komunera joateko.

Osasun agintariek ematen dituzten gomendioak jarraitzen dituzten pertsonak ez daude denbora luzez egoneko jarreratan emateak sortzen dituen arriskuetatik salbu. Edozein jarduera fisiko egitera dedikatuko dugun denborak ez du egunean zehar eserita pasatuko dugun denbora konpentsatuko.

Honek, pertsona bat, aldi berean, sedentarioa eta aktiboa izan daitekeela onartzera garamatza.

Pertsona sedentarioa da egoneko jarreratan denbora-aldi luzeetan egoten dena.

Pertsona inaktiboa da jarduera fisikoa osasun agintariek gomendatzen duten neurriaren azpitik egiten duena.

Pertsona aktiboa da jarduera fisikoa gutxieneko gomendioen gainetik egiten duena, baina kontuz! persona bat aktiboa eta sedentarioa izan daiteke, eta hori, arrisku bat izan daiteke bere osasunarentzat.

Zer arrisku suposatzen ditu pertsona sedentarioa izateak?

Honakoak jasateko arrisku handiagoa:

  • Desoreka psikologikoak: Depresioa.
  • Gaixotasun kardiobaskularrak: Hipertentsioa, kolesterola, bihotzeko gaixotasunak, tronbosia eta enbolia.
  • Gaixotasun metabolikoak: Gainpisua, obesitatea eta diabetesa.
  • Desoreka muskulo-eskeletikoak: disko-herniak, elastikotasuna galtzea, gerriko eta lepoko mina.
  • Minbizia: kolon eta bularrekoa.
  • Gizonezkoen kasuan, haziaren kalitatearen jaitsiera.
09 Ots

Jarduera Fisikoko Orientatzaile ikastaroa

Jarduera Fisikoko Orientatzaile ikastaroa martxan da Mugiment eta Kirolaren Euskal Eskolaren eskutik. Edizioa hau Getxon ospatzen ari da, baina laster, berri bat izango da euskaraz Aretxabaletan (Gipuzkoa).

Gero eta gehiago dira jarduera fisikoaren orientazio-zerbitzua eskaintzen duten udalerriak herritar aktiboagoak sortzeko tresna bezala. Zerbitzu hauek inaktiboak diren pertsonak aktibatzea bilatzen dute, jarduera osasungarriak praktikatzera orientatuz, bakoitzaren egoera eta gustu ezberdinen arabera.

Zerbitzu hauek erlazioan jartzen dituzte Jarduera Fisikoko profesionalak osasun-zerbitzuekin, eguneko zentroekin eta udaleko beste hainbat zerbitzurekin, sektorearteko elkarlanean oinarritutako preskripzio sistema oso bat diseinatu eta aurrera eramateko.

Horregatik, garrantzitsua da zerbitzu horretan jarduera fisikoei buruzko aholku eta gomendioak eskainiko dituzten profesionalek beharrezko ezagutzak eta baliabideak izatea.

Beren udalerrietan dagoeneko funtzio hori betetzen duten eta ezagutzak finkatu nahi dituzten pertsonei zuzentzen zaie ikastaro hau; halaber, jarduera fisikoko orientatzaileen berezko zereginen inguruko prestakuntza jaso nahi dutenei ere.

Informazio gehiago: https://apps.euskadi.eus/r46kirolesk/eu/q92aWebAppWar/q92aAppInitServlet.do?q92aIdioma=2&q92aAction=Destacadas

18 Urt

Herritarren zahartzea

Izugarri hazi da aspaldian arazo kardiobaskularren bat (obesitatea, diabetesa…) eta, horren ondorioz, heriotza eragin dezaketen gaixotasunak dituztenen kopurua. Hona hazkunde horren eragileetako batzuk: bizi-itxaropenaren areagotzea; eguneroko bizimoduko jardueren, lanaren, garraioaren eta jarduera ludikoen mekanizazioa, eta elikatzeko ohituren aldaketa.

Adibide bat: % 8tik (1987) % 15era (2007) igo da, gure herrialdean, obesoen ehunekoa, sexu eta adin-tarte guztietan (Osasun Ministerioa, 2009); 65 urtetik gorakoen artean, berriz, are handiagoak dira obesitate-tasak, sexu bietan (% 13 1987an, % 24 2007an).

Diabetesari dagokionez, 30 urtetik gorako Espainiako biztanleen % 10 inguruk dauka gaitz hori, eta askok ez dakite diabetiko direnik. Honenbestez, gutxi asko hiru milioi diabetiko daude Espainian. Datu beldurgarria, zinez.

Adituen iritziz, obesitatea eta diabetesa horrenbeste hedatzearen arrazoi nagusiak hauek dira: azken 40 urteotan, % 25 hazi da, batez beste, egunean irensten dugun kaloria-kopurua (1970ean, 2.730 kaloria eguneko eta biztanleko; 2003an, 3.421 kaloria); hazi egin da gantz-kontsumo erlatiboa —1970ean, dietako kaloria guztien % 29 zen gantza; 2003an, % 41 (Osasun Ministerioa, 2009)—, eta eguneroko jarduneko eta aisialdiko jarduera fisikoak ez ditu konpentsatzen dietan egindako aldaketak eta mekanizazioak ekarritako ondorio kaltegarriak.

Hori dela eta, gaixotasun kardiobaskularrak eta zerebrobaskularrak heriotza-eragile espezifiko ohikoenetakoak dira gure gizartean.

18 Urt

2016rako estrategiak zehaztu ditu Mugimentek

Mugiment ekimenak 2016rako lehentasunak zehaztu ditu; hauek, besteak beste: sailen arteko koordinazio-mekanismoak sendotzea, gizarte-sareak sustatzea herri eta hirietan, komunikazioa hobetzea eta udalerriei tresnak eskaintzea jarduera fisikoa bultzatzeko tokiko ekimenak abiaraz ditzaten.

Hilero elkartzen da lantaldea, planaren garapenaren jarraipena egiteko. Hauek osatzen dute lantaldea: Gazteria eta Kirolak Zuzendaritzak, Osasun Publikoko Zuzendaritzak, Osakidetzak eta Enplegua eta Gizarte Politikak Sailak.

Epe laburrera egiteko ekintzen artean daude honako hauek: jarduera fisikoen eta kirolaren Mugibili bilatzailearen plazaratzea, jarduera fisikoaren orientatzaileentzako ikastaroaren antolakuntza, eta Mugiment ekimenarekin bat egiten duten udalerrien atxikimendua:

  • Tokiko gizarte-sare bat sortzea udalerrian, partaidetza eta sailen arteko lankidetza irizpide nagusitzat hartuta.
  • Partaidetza-prozesuak sustatzea, gizarteko eragileen potentzialaz baliatuz.
  • Bizimodu aktiboagoaren eta jarduera fisikoaren bitartez herritarren osasuna sustatzeko ekintzak bultzatzea sare horretan, jarduera gutxien egiten dutenen artean batik bat.
  • Bizimodu aktiboa eramateko aukerak areagotzen dituzten politikak bultzatzea, osasunarentzat onuragarriak diren inguruneak sortuz.