18 Urr

Udalerri aktiboak

Datorren urriaren 28an , ostirala, Bergaran hurrengo jardunaldia burutuko da: “Udalerri Aktiboak: tokiko sareak sortzea eta horien funtzionamendu egokia jarduera fisikoa sustatzeko”.

Ondorengo arloetako espezialistei, profesionalei eta politikariei zuzenduta dago: jarduera fisikoa eta kirola, osasuna, ongizatea, hezkuntza, hirigintza, ingurumena eta beste batzuk. Goizeko 9:00etan hasiko da eta 14:00etan bukatu, eta Bergarako Zabalotegi Aretoan izango da.

Izen-emateak Kirolaren Euskal Eskolaren web-gunean burutu beharko dira.

Info+

municipios_activos_eu

19 Abu

Jarduera fisikoa sustatzeko diru-laguntzak 2016

Osasun Sailak jarduera fisikoa sustatzea xede duten proiektuak diruz lagunduko ditu beste behin. 2013-2020 Osasun Planarekin bat eginez, eta Mugiment, gizarte aktiboagoa sortzeko markoaren baitan, bi agindu argitaratu ditu diru lguntzak banatzeko; lehenengoa jarduera fisikoa sustatu nahi duten toki-erakundeei zuzenduta; bigarrena mugikortasun aktiboa bultzatu nahi duten ikastetxeei bideratuta.

Toki-erakundeei  zuzendutako laguntza bi arlotan fijatzen da:

  • Hirietan eta hiri-inguruetan ibilbideak edo pasealekuak egokitzeko eta dinamizatzeko programak eta esku-hartzeak, herritar guztiei zuzenduak; ibilbide horiek seguruak izango dira eta behar bezala seinaleztatuta egongo dira, ohiko joan-etorrietan mugikortasun aktiboa errazteko eta aisialdi aktiboa sustatzeko.
  • Tokiko sare bat sortzeko beharrezkoak diren jarduerak. Tokian-tokian jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa prebenitzeko ekintzak eta estrategiak lehenetsi, planifikatu eta garatuko ditu sare horrek, partaidetza-prozesuen bidez.

 

Ikastetxeei zuzendutako laguntzak honako helburua du:

  • Hiri-espazioek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz eskola-bideak sortu eta dinamizatzeko finantzazioa eskaintzea 2016-2017 ikasturtean zehar eta, modu horretan, eskola-umeen mugikortasun aktiboa eta segurua sustatzea. Eskola-bidetzat joko dira ibilbide zehatz eta finkoak, markatuak eta dinamizatuak, eskola-umeek erabil ditzaketenak ikastetxeetako joan-etorriak modu aktibo, seguru eta autonomoan egiteko, oinez zein gurpil-oholez edo bizikletaz, eta, horrekin batera, espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzea.

 

Lehenengoaren diru-hornidura 292.000€ra iristen da, eta eskaera epea irailaren 16an bukatuko da. Bigarrenaren kasuan, diru-hornidura  94.000€koa da, eta epea urriaren 14raino luzatuko da.

Info +

19 Uzt

Euskadik estatuko datu onenak aurkezten ditu Jokaera Sedentarioaren Indizean

Kirolean Osasunaren Zaintzarako Espainiako Agentziak ikerketa interesgarri bat argitaratu du jarduera fisikoa eta patologien prebalentzia espainiar biztanlerian deiturikoa.

Ikerketaren arebera 18 eta 74 urte bitarteko espainiar biztanlerian ohiko gaixotasun kroniko batzuen (hipertentsioa, hipercolesterolemia, diabetesa, depresioa eta antsietatea) prebalentzia modu nabarmenean areagotzen da inaktiboen artean, eta kasu batzuetan lau aldiz biderkatzen da kirola edo jarduera fisikoa egiten duen populazioan behatutakoarekin alderatuz. Halaber, gaixotasun hauetakoren bat izateko arriskua bikoiztera iritsi daiteke inaktibitate fisikoaren ondorioz. Fisikoki aktiboak diren pertsonetan sendagaien kontsumoan jaitsiera argi bat ikusten da. Azkenik, JFren praktika ikasketa mailarekin handitzen da, adinarekin jaitsi eta nabarmen baxuagoa de emakumeetan.

mapa_sedentarismo

Datuak erkidego autonomoka ere aurkezten dira. Jarduera fisikorik egiten ez duen pertsonen portzentai handiena erakusten duen erkidegoa  Castilla La Mancha da eta portzentai baxuena duena Nafarroa da.

Aldiz, Jokaera Sedentarioaren Indizean Euskadik daturik baxuena erakusten du.

Txosten osoa AEPSAD, Agencia Española de Protección de la Salud en el Deporte, erakundearen web gunean kontsultatu daiteke , http://www.mecd.gob.es/aepsad/inicio.html edo hemen sakatuz.

datos_sedentarismo

11 Uzt

Marimendi; Marian Arin mendizalearen testigantza

Euskadi Lagunkoia ekimenaren web guneak, http://www.euskadilagunkoia.net, Marian Arin mendizalearen hausnarketa  interesgarria eskaintzen digu. 2005ean Montblanc mendira abiatu zen eta konturatu zen inguruan gizonezkoa besterik ez zituela. Orduan, Mariani otu zitzaion adineko emakume euskaldunen mendi elkarte bat sortzea: Marimendi. “Zergatik ezingo dugu, 20 urte barru, 80 urte izatean, mendiarekin hartu-emanean egon, mendiaz gozatu? Emakumezko heldu gutxi dago mendian jarduten duena.

“Gurea ez da kirol gertakizun historikoa izan, baina mendi gailurrean, euskal gailurretatik haratago ere, munduaren jabe sentitzen garen emakumeak gara, nagusiak eta euskaldunak”.

05 Uzt

Tipi-Topa ostegunetan Lezon

Lezoko Udala, Osakidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko
Zuzendaritzarekin batera, zahartzaro aktiboa eta osasungarria sustatzeko helburuarekin lanean ari da. Diseinatutako ekintza planaren baitan kokatzen da Tipi Topa egitasmoa.

Programaren helburua da adinekoen ongizate fisikoa eta mentala hobetzea eta, horretarako,
ostegunero ibilaldi bat antolatzen da herrian zehar. Gerturatzen diren pertsonen ibiltzeko ohituren araberako ibilbide ezberdinak daude.

Egitasmo hau, partehartze prozesu baten ondorio sortu da; bertan, aipatu
hiru erakundeez gain, herriko beste eragile batzuk parte hartu dute, besteen artean, Aiton Borda, Lezoko Caritas eta Gaxuxa. Aipatutako hauek antolaketan parte hartze dute.

Tipi Topa Lezo, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Ttipi Ttapa programan oinarritzen da. Helburu berdinak izanik, Lezora ekartzerakoan Tipiri Topa gehitu zaio izenean, ekimenak topagune izan nahi duelako.

Edonork du bertan parte hartzeko aukera, nahiz eta 60 urtetik gorako herritarrentzat aurreikusia dagoen eta bereziki jarduera fisikorik egiten ez dutenentzat. Parte hartzeko, hitzordura agertu baino ez dago. Bertan izena emateko aukera dago. Ibilbideak seguruak dira eta ondo egokituta daude ibiltzeko zailtasunak dituzten herritarrentzat. Horretaz gain, aipatutako erakundeetako boluntarioen laguntza jasotzen da ibilbide osoan zehar.

20 Eka

Eskolabideak; proiektuak diseinatzeko gida

Osasun Sailak eskola-bideak egiteko gida bat argitaratu du.

Eskola-bideak sustatzeko proiektuak ikasleei zuzendutako ekimenak dira, kaleetan segurtasunez eta autonomiaz mugitzea izan dezaten, eta espazio publikoaren erabilpena eta gozamena berreskuratu dezaten, betiere osasuna eta autonomia hobetzeko helburuz. Orobat, eskola-ingurunean mugikortasun aktiboa bultzatzea tresna eraginkorra bilakatu daiteke, ikasleok gero eta kontzientziatuago egon daitezen, txikitatik, osasuntsu egoteko jarduera fisikoak duen garrantziaz.

Gidaren bidez, eskola-bideen proiektuak garatzen lagundu nahi zaie ikastetxeei. Biztanleriaren zenbait sektore koordinatzea toki-mailan (irakasleak, ikasleak, elkarteak, familiak, merkatariak, udala, eta abar), sektoreen arteko lana eginez, lagungarria izango da proiektua gauzatzeko eta helburu komuna lortzeko, alegia: herritar guztiak oinez ibil daitezen bultzatzeko.

 

Info +

15 Eka

Gernika-Lumoko eskola bidea martxan da

Ikasturte honetan, Gernika-Lumoko ikastetxe guztiak, Udala eta Osasun Saila batu dira Gernika-Lumoko Eskola Bidea abiatzeko asmoz.

Helburua da haurrak eskolara bakarrik joatea: oinez, gurpil-aulki, monopatinean zein bizikletan. Hau da, orain gutxi naturala zena berreskuratzea. Horrela, haurrek autonomia eskuratuko dute eta ohitura aktibo eta osasungarriak sustatzeaz gain, ingurumena zaintzeko, herria hobeto ezagutzeko, espazio publikoa bereganatzeko eta eraldaketan parte hartzeko protagonista izango dira. Herritarrek, orokorrean, elkarbizitza hobetzeko aukera eskainiko digu ardura kolektiboaren ideia eta denon arteko zaintza sustatuz.

Guzti hau gauzatzeko, eskola guztietako guraso eta irakasleek lan-talde ireki bat osatu dute elkarlanean.

Info +

13 Eka

Durangon, paseo osasungarriak adinekoentzat

Adinekoen udal egoitzak ibilaldi osasungarriak antolatu ditu ekainean zehar. Zehazki, asteazkenero burutzen dira Kurutziagako iturritik aterata. Hiitzordua, goizeko 10:00etan da.

Jarduera fisikoa funtsezkoa da zahartze osasuntsu eta gogobetegarria lortzeko. Eta datuek diotenez, adineko pertsonek jarduera fisiko gutxiago egiten dute. Hori dela eta, Durangon adineko pertsonei zuzendutako jarduera hau antolatzea erabaki dute.

Noiz

  • Ekainak 1, Asteazkena
  • Ekainak 8, Asteazkena
  • Ekainak 15, Asteazkena
  • Ekaiank 22, Asteazkena

Ordua: Goizeko 10:00etan

Info +

paseo-osasungarriak

09 Eka

Errenteria: jarduera fisikoa natura ingurunean egiteko gida

Errenteriako Udaleko Ingurumen eta Kirol Sailek gida hau aurkezten dute, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren laguntzarekin. Gida honen helburua da Oiartzun ibaiaren ingurunean jarduera fisiko osasungarria sustatzea, eta hori guztia Oiartzun ibaiaren inguruneko Paisaiaren Ekintza Planaren(2015) arloan kokatuta.

Eremu horretan kokatzen diren kirol-instalazioei buruzko informazioa jasotzen du gidak, eta baita inguruko parke, pasealeku eta plazei buruzkoa ere, non kirol eta jarduera ugari egin daitezkeen. Gainera, bizitza aktiboak osasun fisiko eta mentalerako dituen onurei buruzko informazio praktikoa eta aholkuak ere eskaintzen ditu.

Info +

06 Eka

Udalerri Aktiboen jardunaldia Errenterian

Udalerri aktiboen jardunaldi berri bat ospatu zen pasa den ostiralean Errenterian. Jarduera fisikoa sustatzeko helburuarekin  tokiko eragile ezberdinen ekimenak aztertu eta guztien arteko lankidetzan sakontzeko hainbat esperientzia partekatu ziren.

Udalak, Osasun Publikoaren Zuzendaritzak eta Osakidetzak elkarlananean antolatu zuten ikastaroa eta guztira 50 parte-hartzaile inguru gerturatu ziren.

Esperientzia ezberdinak aztertu ziren. Lehenengo blokean , osasunaren baldintzatzaileak, jarduera fisikoaren onurak eta Mugiment, jarduera fisikoa sustatu eta sedentarismoa gutxitzeko plana, izan ziren hizketagai.

Bigarren zatian, jarduera fisikoaren sustapenarekin eta sektore arteko lankidetzarekin erlazionatutako ekimen eta esperientzia ezberdinak aurkeztu ziren, gehienak Oarsoaldea eta Bidasoa ingurukoak.

Bukatzeko, tokiko sareak sortzeko aplikazio pratiko bat burutu zen eta gogoeta partekatu batekin borobildu zen jardunaldia.

Programa

  • 08:45: Aurkezpena.
  • 9:10-9:25: Osasunearen determinatzaileak, Yon Sorarrain Osasun Sustapenerako Teknikariaren eskutik.
  • 9:25-9:40: Jarduera fisikoaren onurak eta sedentarismoaren arriskuak, Arantxa Uranga Osasun Sustapeneko teknikariaren eskutik.
  • 9:40-9:55: Mugiment eta bere estrategiak, Iker Etxeberriarekin.
  • 9:55-10:00: Ariketak.
  • 10:00-10:20: Oiartzun ibaiaren ingurua Errenterian: Jarduera fisikoa egiteko paisaiak, Ekogarapeneko Javier Belza eta Estela Betetarekin.
  • 10:20-10:35: Adinekoentzako Komunitate mailako esku hartzea Lezon, Gemma Estevez eta Arkaitz Angiozarrekin.
  • 10:40-11:00: Osasun APPak: Osasun sustapeneko ikerkuntza, Antxon Apiñanizeta eta Raquel Cobos.
  • 11:30-11:50: Sareko lana, paziente ahulen artean jarduera fisikoa sustatzeko, MUGITUZ, Serviocioko Gorka Bengoetxea, Osakidetzako Andoni Bueno, eta Gemma Diazekin.
  • 11:55-12:15: Herri eragileak emakumeen artean jarduera fisikoa sustatzeko, EATko Baietz Taldeko Dana Romero eta Virginia Rodriguezekin.
  • 12:15-12:20: Ariketak
  • 12:25-12:45: Osasun Sustapena hezkuntzan Bidasoatik Mundura, Kronikguneko Irati Erregerena eta Berritzeguneko Pedro Roarekin.
  • 13:00-14:00: Aplikazio praktikoa: tokiko sareak sortu, herri mailako esku hartzeak egin jarduera fisikoa sustatzeko. Tailer praktikoa taldean.

14:00-14:30: Eztabaida eta bateratze lana: Zer egin dezakegun gure inguruko errealitatean