Sedentarismo

Aldian-aldian jarduera fisikoa egiteko gomendioak betetzen dituzten baina jarduera sedentarioetan (eserita, ordenagailu aurrean lanean, telebista ikusten eta abar) luze aritzen diren pertsonen artean ere handia da arriskua osasun-arazo kardiobaskularrak eta gehiegizko pisua izateko, eta goizago hiltzeko arriskua ere handiagoa da.

Harreman zuzena dago jokabide sedentarioen eta hilkortasunaren artean, egiten den jarduera fisikoa edonolakoa dela ere. Hau da, pertsona batek egoneko zenbat eta denbora gehiago igaro (adibidez, telebista ikusten mugitu edo altxatu ere egin gabe) orduan eta arrisku gehiago du hiltzeko, arrazoi guztiengatik, gaixotasun kardiobaskular batengatik edo minbiziagatik. Arrisku hori hor dago, heldua eguneko gainerako orduetan aktibo izanagatik ere.

Horregatik gomendatzen da noizean behin, gutxienez, minutu bateko atsedenaldia egin eta gelan barrena mugitzea, edalontzi bat urez betetzera joatea edo luzaketaren bat egitea.

Sedentarismoari aurre egiteko gomendioak

Haurtzaroa

0 urtetik 5 urtera bitarteko haurrek ez lukete egon behar ordubete baino gehiago jarraian jokabide sedentarioan, lotuta edo geldirik, lotarako denboran izan ezik.

Helduak

Saihestu egin behar zenuke, bai aisialdian bai lanean, geldirik luze egoten (eserita edo jarduera sedentarioetan). Etenaldiek, hau da, gure lekutik askotan zutitzeak, eserita zenbat denbora daramagun alde batera utzita, eragin positiboa du gerriaren neurrian, eta C proteina erreaktiboaren eta glukosaren balioetan.

Baliatu edozer aitzakia zutitzeko; zutitu telefonoz hitz egiteko, telebista-katea aldatzeko, joan zaitez zerbaiten bila ekartzeko esan ordez eta abar.

Lan sedentarioak egiten badituzu:

  • Zutitu telefonoa hartzeko.
  • Zutitu lankide batekin hitz egiteko, eta saiatu posta elektronikoa edo telefonoa ez erabiltzen.
  • Zutitu telebista-katea aldatzera.
  • Joan goiko solairuan dagoen bainugelara.
  • Zutitu paperak txukuntzeko edo egutegia antolatzeko.
  • Erantzun gugandik urrunxeago dagoen telefonoari.
  • Igo eskaileretatik igogailua hartu beharrean, beste sail batean zerbait egin behar baduzu.