24 Mai

Ermua Mugi! zerbitzuak %23an igo du fisikoki aktiboak diren pertsonen kopurua

Ermuko Udalak 2012tik eskaintzen du Ermua Mugi! ariketa fisikorako eta kirolerako doako orientazio zerbitzua. Ekimenaren helburua bizitza aktiboa sustatzea eta bizimodu sedentarioa baztertzea da. Horregatik, zerbitzua erabiltzen duten pertsonei ariketa fisikoa ‘errezetatzen’ zaie, eta jarraipena egiten zaie. Azpimarratzekoa da Ermuko Osasun Zentroaren eta Udaleko Gizarte Zerbitzuekin akordatutako lankidetza dela eta, azken bi zerbitzu horietara jotzen duten pertsonei, bai osasun arazoengatik, bai gizarte arazoengatik, ariketa fisikoa egiteko programa pertsonalizatuak ‘errezetatzen’ zaiela.

 Urte batzuk daramatza jada martxan, eta zerbitzuak erabiltzaileengan duen eragina neurtu nahi izan da. Guztira, 220 pertsonak jo dute Ermua Mugi!ren bulegora 2014ko urritik, eta horietatik 86k –16 urtetik gorako 38 gizonezko eta 48 emakumezko– galdeketa bat bete dute. IPAQ izeneko inkestak (Ariketa Fisikorako Nazioarteko Galdetegia) pertsona bakoitzaren ariketa fisikoaren maila neurtzen du, intentsitatean eta bolumenean oinarrituta. Lortzen den emaitzaren arabera zehazten da pertsona hori aktiboa edo ez aktiboa den.

86 erabiltzaileek birritan bete dute galdetegia: lehenik, zerbitzuaren hasieran; eta berriro, sei hilabete geroago. Lehenengo emaitzetan, pertsonen %60,48a aktiboa zela zehaztu zen, eta %39,52a, aldiz, ez aktiboa. Ermua Mugi! zerbitzua erabiltzen hasi eta sei hilabetera, ordea, zifrek aldaketa nabarmena jasan dute: pertsona aktiboen portzentajea %83,73ra igo da, eta ez aktiboena, aldiz, %16,27an gelditu da.

 Emaitzek erakusten dute Ermua Mugi! zerbitzuaren erabiltzaileen %23 pertsona aktibo bihurtzen direla, osasun ohiturak aldatzen dituztela eta bizi kalitatea hobetzen dutela. Horrek agerian uzten du programaren eraginkortasuna”, azaldu du José Ramón Gombau Kirol zinegotziak.

Osasunean aurreztu

Nazioartean berretsitako datu zientifikoek erakusten dute lotura zuzena dagoela ariketa fisikoaren eta osasun zerbitzuetan eragiten den gastuaren artean. Fisikoki aktiboa den pertsona batek urtean 1.235 euroko gastua sor dezakeela kalkulatzen da; inaktiboa bada, aldiz, 1.692 eurora igotzen da kopurua. Hori horrela, urtean 457 euro aurrezten dira pertsona inaktibo bat aktibo izatera igarotzen denean.

Azaldutako datuak Ermuan egindako inkestara ekarrita, hogei pertsona fisikoki aktibo izatera pasatu direla jakinda, aurrezpena argia da: 9.140 euro. Ermua Mugi! zerbitzuan parte hartu duten edo hartzen ari diren 220 pertsonak kontuan izanda, zifrak are aipagarriagoak dira, 23.307 euro aurreztu direla esan baitaiteke.

 Info +

18 Urt

Ermua Mugi!, Bizkaia Kirolak 2015 sariaren irabazle

Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailak Bizkaia Kirolak 2015 saria eman dio Ermuko udalari, jarduera fisikoa sustatzeko egin duen lanagatik; zehazki, Ermua Mugi! ekimenagatik.

Zerbitzu pertsonalizatua eta doakoa da Ermua Mugi!, eta hau du helburu: jarduera fisikoaren eta elikadura-ohitura osasuntsuaren bitartez bizimodu osasungarria nola eraman jakiteko informazioa, trebakuntza eta aholkularitza eskaintzea Ermuko herritarrei.

Bizkaiko lurralde historikoan jarduera fisikoa eta kirola bultzatzeko ekimenei ematen zaizkie Bizkaia Kirolak sariak. Zortzi alor saritzen dira: kirol-elkarte eta -klubak, ikastetxe edo guraso-elkarteak, federazioak, ibilbide jakin bat, desgaitasunak dituztenen alde kirol-alorrean egindako lana (pertsona edo elkarte bat), tokiko administrazioa eta babesle bat (pertsona zein erakunde).