11 Uzt

Marimendi; Marian Arin mendizalearen testigantza

Euskadi Lagunkoia ekimenaren web guneak, http://www.euskadilagunkoia.net, Marian Arin mendizalearen hausnarketa  interesgarria eskaintzen digu. 2005ean Montblanc mendira abiatu zen eta konturatu zen inguruan gizonezkoa besterik ez zituela. Orduan, Mariani otu zitzaion adineko emakume euskaldunen mendi elkarte bat sortzea: Marimendi. “Zergatik ezingo dugu, 20 urte barru, 80 urte izatean, mendiarekin hartu-emanean egon, mendiaz gozatu? Emakumezko heldu gutxi dago mendian jarduten duena.

“Gurea ez da kirol gertakizun historikoa izan, baina mendi gailurrean, euskal gailurretatik haratago ere, munduaren jabe sentitzen garen emakumeak gara, nagusiak eta euskaldunak”.

28 Api

Sestaoko adineko aktiboentzako III. astea

Maiatzeko lehen astean hirugarrenez osapatuko du Sestaok adineko aktiboentzako astea. Aurreko bi edizioetan Bizkaia osoko pertsona ugarik parte hartu zuten, baina aurten, bere ikuspegia zabaldu nahi du eta Euska Herri osotik heldutako adineko pertsonen topaleku izango da.

Bilatzen dituen helburuen artean dago Euskal Herriko udalerri ezberdinetan adineko talde antolatuek burutzen dituzten ekintzak erakustea. Baita ere, zahartze aktiboa eta elkartasuna sustatzea, honek, adinekoei gehiago eta hobeto bizitzen lagunduko dielakoan.

PROGRAMA

Astelehena, maiatzak 2 Inaugurazio ekitaldia

Sestaoko Musika Eskola

10:30

Asteartea, maiatzak 3 Adinekoei laguntzeko tailerrak

Las Llanas Udal Kiroldegia

10:00

Asteazkena, maiatzak 4 Zaintzaileak zaintzen

Lanbideko ekitaldi aretoa

17:30

Osteguna, maiatzak 5 Prestakuntza jarduera: Jarduera Fisikoa adineko pertsonengan. Bere sustapenerako estrategiak

Sestaoko Musika Eskola

09:00

Ostirala, maiatzak 6 Jarduera txokoak. Adinekoetik / Adinekoentzat

Las Llanas Udal Kiroldegia. Udal Liburutegia

9:30 / 11:00 / 17:00 / 18:30

Larunbata, maiatzak 7 I Euskal Herriko adinekoentzat kirol topaketa

Kasko plaza. La Benedicta Udal Kiroldegia. Las Llanas Udal Kiroldegia. Las Llanas Udal Frontoia. Las Llanas Udal Futbol Zelaia. Sestaoko labe garaia.

Egun osoa

18 Urt

Goazen Ordizia: ibilaldi osasungarriak Ordiziako helduentzat

Udalak eta zenbait elkartek bultzatuta (Zuhaizti, Nagusilan, Kimetz, Ordiziako mendizaleak, Hegoaldeko Herriak, Garagune – Goyeneche Fundazioa, San Jose Zahar Etxea eta Eguneko Zentroa), irailaren 24an jarri zen martxan ekimen hori, zeinak hainbat ibilbide eskaintzen dituen, norberaren ahalmenak kontuan harturik betiere.

Osasun hobea izatea, aktiboago sentitzea, Ordizia eta inguruneak ezagutzea, lagun berriak egitea, beste batzuekin esperientziak partekatzea…, horiek dira ekimenaren helburuak. Izan ere, ibiltzeak ez du neke handirik eragiten eta, ohituratzat hartuz gero, onura dezente eragiten dizkio osasunari, antolatzaileek diotenez: bihotza indartu egiten da, tentsio arteriala hobetu, eta gutxitu azukre- eta kolesterol-mailak.

Bederatzi ibilbide daude, guztira, eta horietatik bost hirigune historikoaren barruan egitekoak dira. Laburrenak 577 metro ditu, eta luzeenak, 7,4 km.

Informazio gehiago edo argibideren bat nahi dutenek hona jo behar dute:  Udalaren Gizarte Zerbitzuetara, Zuhaizti gizarte-zentrora, osasun-zentrora edo Majori kiroldegira. Zuhaizti zentroak, bestalde, hitzaldi labur bat emango du, aurkezpen gisara, datorren astelehenean, 18:00etan.

18 Urt

Herritarren zahartzea

Izugarri hazi da aspaldian arazo kardiobaskularren bat (obesitatea, diabetesa…) eta, horren ondorioz, heriotza eragin dezaketen gaixotasunak dituztenen kopurua. Hona hazkunde horren eragileetako batzuk: bizi-itxaropenaren areagotzea; eguneroko bizimoduko jardueren, lanaren, garraioaren eta jarduera ludikoen mekanizazioa, eta elikatzeko ohituren aldaketa.

Adibide bat: % 8tik (1987) % 15era (2007) igo da, gure herrialdean, obesoen ehunekoa, sexu eta adin-tarte guztietan (Osasun Ministerioa, 2009); 65 urtetik gorakoen artean, berriz, are handiagoak dira obesitate-tasak, sexu bietan (% 13 1987an, % 24 2007an).

Diabetesari dagokionez, 30 urtetik gorako Espainiako biztanleen % 10 inguruk dauka gaitz hori, eta askok ez dakite diabetiko direnik. Honenbestez, gutxi asko hiru milioi diabetiko daude Espainian. Datu beldurgarria, zinez.

Adituen iritziz, obesitatea eta diabetesa horrenbeste hedatzearen arrazoi nagusiak hauek dira: azken 40 urteotan, % 25 hazi da, batez beste, egunean irensten dugun kaloria-kopurua (1970ean, 2.730 kaloria eguneko eta biztanleko; 2003an, 3.421 kaloria); hazi egin da gantz-kontsumo erlatiboa —1970ean, dietako kaloria guztien % 29 zen gantza; 2003an, % 41 (Osasun Ministerioa, 2009)—, eta eguneroko jarduneko eta aisialdiko jarduera fisikoak ez ditu konpentsatzen dietan egindako aldaketak eta mekanizazioak ekarritako ondorio kaltegarriak.

Hori dela eta, gaixotasun kardiobaskularrak eta zerebrobaskularrak heriotza-eragile espezifiko ohikoenetakoak dira gure gizartean.