18 Urt

2016rako estrategiak zehaztu ditu Mugimentek

Mugiment ekimenak 2016rako lehentasunak zehaztu ditu; hauek, besteak beste: sailen arteko koordinazio-mekanismoak sendotzea, gizarte-sareak sustatzea herri eta hirietan, komunikazioa hobetzea eta udalerriei tresnak eskaintzea jarduera fisikoa bultzatzeko tokiko ekimenak abiaraz ditzaten.

Hilero elkartzen da lantaldea, planaren garapenaren jarraipena egiteko. Hauek osatzen dute lantaldea: Gazteria eta Kirolak Zuzendaritzak, Osasun Publikoko Zuzendaritzak, Osakidetzak eta Enplegua eta Gizarte Politikak Sailak.

Epe laburrera egiteko ekintzen artean daude honako hauek: jarduera fisikoen eta kirolaren Mugibili bilatzailearen plazaratzea, jarduera fisikoaren orientatzaileentzako ikastaroaren antolakuntza, eta Mugiment ekimenarekin bat egiten duten udalerrien atxikimendua:

  • Tokiko gizarte-sare bat sortzea udalerrian, partaidetza eta sailen arteko lankidetza irizpide nagusitzat hartuta.
  • Partaidetza-prozesuak sustatzea, gizarteko eragileen potentzialaz baliatuz.
  • Bizimodu aktiboagoaren eta jarduera fisikoaren bitartez herritarren osasuna sustatzeko ekintzak bultzatzea sare horretan, jarduera gutxien egiten dutenen artean batik bat.
  • Bizimodu aktiboa eramateko aukerak areagotzen dituzten politikak bultzatzea, osasunarentzat onuragarriak diren inguruneak sortuz.