18 Urt

Goazen Ordizia: ibilaldi osasungarriak Ordiziako helduentzat

Udalak eta zenbait elkartek bultzatuta (Zuhaizti, Nagusilan, Kimetz, Ordiziako mendizaleak, Hegoaldeko Herriak, Garagune – Goyeneche Fundazioa, San Jose Zahar Etxea eta Eguneko Zentroa), irailaren 24an jarri zen martxan ekimen hori, zeinak hainbat ibilbide eskaintzen dituen, norberaren ahalmenak kontuan harturik betiere.

Osasun hobea izatea, aktiboago sentitzea, Ordizia eta inguruneak ezagutzea, lagun berriak egitea, beste batzuekin esperientziak partekatzea…, horiek dira ekimenaren helburuak. Izan ere, ibiltzeak ez du neke handirik eragiten eta, ohituratzat hartuz gero, onura dezente eragiten dizkio osasunari, antolatzaileek diotenez: bihotza indartu egiten da, tentsio arteriala hobetu, eta gutxitu azukre- eta kolesterol-mailak.

Bederatzi ibilbide daude, guztira, eta horietatik bost hirigune historikoaren barruan egitekoak dira. Laburrenak 577 metro ditu, eta luzeenak, 7,4 km.

Informazio gehiago edo argibideren bat nahi dutenek hona jo behar dute:  Udalaren Gizarte Zerbitzuetara, Zuhaizti gizarte-zentrora, osasun-zentrora edo Majori kiroldegira. Zuhaizti zentroak, bestalde, hitzaldi labur bat emango du, aurkezpen gisara, datorren astelehenean, 18:00etan.