04 Mar

Tokiko Osasun Sarea Eskoriatzan

Debagoieneko ospitalea (ESI), Eskoriatzako Osasun Zentroa eta Udaleko Kirol, Prebentzio eta Gizarte saila osasun sarea sortzeko ahaleginetan ari dira herrian. Eskoriatza ezagutzeko helburuaz, bertako elementu osasungarriak identifikatu, eta parte-hartze komunitarioaren bitartez, Tokiko Osasun Sarea sortzeko. Eskoriatza, zure herria, osasuna da lelopean, inkesta bat prestatu du Udalak herritarren iritzia jasotzeko asmoz.

Otsailean esparru zehatz batzuetan banatu da inkesta hau: Osasun Zentroan, Udala osatzen dutenen artean, ikastetxeetan, kiroldegiko nagusien ekintzetan, jubilatu elkartean, emakume elkartean, auzoetan eta merkatarien artean, besteak beste.

18 Urt

Herritarren zahartzea

Izugarri hazi da aspaldian arazo kardiobaskularren bat (obesitatea, diabetesa…) eta, horren ondorioz, heriotza eragin dezaketen gaixotasunak dituztenen kopurua. Hona hazkunde horren eragileetako batzuk: bizi-itxaropenaren areagotzea; eguneroko bizimoduko jardueren, lanaren, garraioaren eta jarduera ludikoen mekanizazioa, eta elikatzeko ohituren aldaketa.

Adibide bat: % 8tik (1987) % 15era (2007) igo da, gure herrialdean, obesoen ehunekoa, sexu eta adin-tarte guztietan (Osasun Ministerioa, 2009); 65 urtetik gorakoen artean, berriz, are handiagoak dira obesitate-tasak, sexu bietan (% 13 1987an, % 24 2007an).

Diabetesari dagokionez, 30 urtetik gorako Espainiako biztanleen % 10 inguruk dauka gaitz hori, eta askok ez dakite diabetiko direnik. Honenbestez, gutxi asko hiru milioi diabetiko daude Espainian. Datu beldurgarria, zinez.

Adituen iritziz, obesitatea eta diabetesa horrenbeste hedatzearen arrazoi nagusiak hauek dira: azken 40 urteotan, % 25 hazi da, batez beste, egunean irensten dugun kaloria-kopurua (1970ean, 2.730 kaloria eguneko eta biztanleko; 2003an, 3.421 kaloria); hazi egin da gantz-kontsumo erlatiboa —1970ean, dietako kaloria guztien % 29 zen gantza; 2003an, % 41 (Osasun Ministerioa, 2009)—, eta eguneroko jarduneko eta aisialdiko jarduera fisikoak ez ditu konpentsatzen dietan egindako aldaketak eta mekanizazioak ekarritako ondorio kaltegarriak.

Hori dela eta, gaixotasun kardiobaskularrak eta zerebrobaskularrak heriotza-eragile espezifiko ohikoenetakoak dira gure gizartean.