/ Blogaria: Iker Etxeberria / in Iritziak / Iruzkin 1

Arlo arteko lankidetza: beharrak asetzeko tresna, inoiz ez inposaketa

Erakunde batek bere beharrak modu eraginkorrenean asetzeko duen premian aurkitu behar da sektore, arlo edo departamentu ezberdinen arteko lankidetzaren jatorria. Erakundearen erraietatik sortu behar den sinismena izan behar da eta ez kanpoko eragileek bultzatutako estrategia.

Argazkia artikuloa

3 urte inguru daramatzat jarduera fisikoaren sustapenari bueltak ematen, eta nire ikuspegia handitzen ari den honetan, galdera asko egin dizkiot nire buruari: ez al gara lan egiteko modu bat inposatzen ari? Azken aldian, askotan datorkidana.

Erakunde bakoitzaren izaera faktore ezberdinek baldintzatzen dute. Elkarlanerako modu berriak bilatu arte jarraitu den bidea ezberdina da kasu bakoitzean, eta normalean, erakundea osatzen duten pertsonen ezaugarriek baldintzatzen dute. Gai hau benetan sakona izan daiteke baina ez naiz hemen korapilatuko.

Elkarlana helburu bat izan daiteke edota ibilbide baten amaieran jasotako ondorio bat, baina benetan eraginkorra izateko, nire ustez, erakundetik bertatik sortutako behar bat, kasu guztietan.

Iaz Mugiment Sareak sortzeko eta garatzeko gida argitaratu genuen. Mota horretako gida gehiago ere badaude gure artean. Denborarekin, nire ikuspegia aldatzen ari da gai honekiko. Iruditzen zait lan egiteko tresna bat proposatu baino gehiago lan egiteko modu bateratu bat ezartzen ari garela, gerora, errazagoa baita gure ahaleginaren etekinak neurtzea.

Honen harira, duela gutxi, diru-laguntza deialdi batetara aurkezteko betebeharra zelako, Mugiment Sare baten konstituzio akta sortu behar zela esan zidan udal kirol teknikari batek. Diru-laguntza eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentuen artean omen zegoen.

Lankidetza, arlo ezberdinen arteko kideen arteko harremana edota informazio trukaketa, zein mailarte izan behar da harreman formal bat? Ez al daiteke erlazio informal batean oinarritu? Ez al gara ere berriz dena burokratizatzen ari, neurriz kanpo?

Arlo ezberdinen arteko lankidetza sareak gehienetan ez dira guk irudikatzen dugun eredu estandarizatuan sortzen eta garatzen. Erakundearen eta berau osatzen duten pertsonen izaera eta ezaugarriek paper garrantzitsua jokatzen dute. Eta ez bada bilera formalik egiten? Eta inork ez badu hartu-emanen aktarik jasotzen?

Nire ustez, hor ere sareak daude eta gainera epe luzera, denboran irauteko aukera gehiago izango dutenak. Baina noski, hori neurtzea zailagoa da eta gure ebaluaketak tauletan datuak faltako lirateke.

Etiketak:

Iruzkin bat

Utzi erantzuna