/ Blogaria: Mugiment idazkaritza teknikoa / in Albisteak

Bizikletan ibiltzen erakusteko ikastaroak Pasaian

Ekainean zehar helduei bizikletan ibiltzen irakasteko ikastaroak eskainiko dira PASAIA BIZIkleta ekimenaren baitan: ekainaren 4tik 14ra Trintxerpen eta ekainaren 18tik 28ra Antxon. Ikastaro horien osagarri gisa, ekainaren 30ean Ciriza etxean bizikletak elektrifikatzeko tailerra egingo da.

Pasaia Bizikleta

Bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaro hauek Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailaren eta Pasaiako Udaleko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren sailaren arteko elkarlanean antolatu dira; Trintxerpe Atletiko Klubak laguntza teknikoa emango du. Elkarte hori herrian bizikletaren erabileraren erreferente inportantea da.

Bizikleta-ikastaro hauek Bizikletaren Plan Estrategikoaren baitan antolatu dira, eta Gipuzkoako Bizikleta Kontseiluak babestu ditu. Baina horrez gain, ikastaro hauek badute berrikuntza bat, aurrez egin diren ikastaroekiko; izan ere, bizikleta elektrifikatzen ikasteko tailerra egingo da ekainaren 30ean Ciriza etxean.

Hastapeneko ikastaroak Trintxerpen eta Antxon egingo dira. Trintxerpen ekainaren 4tik 14ra izango da 10:00etatik 12:00etara Aranederreko pistetan. Antxoko barrutian ekainaren 18tik 28ra izango da 10:00etatik 12:00etara Ibaiondo frontoian. Ikastaroak aste barruan izango dira, astelehenetik ostiralera. Guztira, 18 orduko ikastaroak dira.

Bizikleta gainean ibiltzen ikasteaz gain, ikastaroan bestelako edukiak ere irakatsiko dira: bizikletaren mantentze-lanetarako oinarrizko ezagutza, bide-segurtasunerako gomendioak, zirkulazio-arauak eta bizikidetza. Gainera, bizikleta-ikastaroa egiten duten guztiek kaskoa jasoko dute opari.

Doako ikastaro hauetan parte hartu nahi dutenek dagoeneko izena emateko epea irekita dute. Ikastaro bakoitza hasi aurreko ostegun arte izena emateko epea aukera egongo da. Pasaiako Udaleko HAZ bulegoetan, telefonoz eta Udalaren web orrian izena emateko aukera egongo da. www.pasaia.eus

Bizikleta elektrifikatzeko ikastaroa:

Bizikletari buruzko prestakuntzaren baitan herritar guztientzat zabalik dagoen tailer bat antolatu da, lehen eskutik esperimentatu ahal izateko merkatuan zer aukera dauden, haien ezaugarriak zein diren eta muntaketak nola egiten diren. 2 kit elektriko jarriko ditugu herriko bizikleta-mailegu zerbitzuko bi bizikletetan, bertaratzen direnek euren begiz ikus dezaten muntaketa nola egiten den, eta bizikleta eraldatzeko garaian zer onura duen.

Tailerra ekainaren 30ean izango da goizeko 10:00etatik 13:00etara kalean, Euskadi etorbidean, Ciriza etxearen parean. Tailer hau ere doakoa da eta bertan parte hartzeko, izena eman beharko da aldez aurretik HAZ bulegoetan, telefonoz edo udalaren web gunean.

Etiketak:

Utzi erantzuna