/ Blogaria: Mikel Bringas / in Iritziak

Etorkizuneko Legearen hiru osagairik nabarmenenak

Euskadiko jarduera fisiko eta kirolaren lege (EJFKL) aurreproiektuaren jendaurreko informazioaren izapidea abian jarri da. Jarduera Fisikoaren sustapeneko edukia berrikuntza nagusienetako bat da zalantzarik gabe. Baina, zeintzuk dira proposatzen dituen aldaketak?

Jarduera Fisikoaren sustapena autonomia erdikegoetako kirol legeetan aipatu ohi da. Hala ere, Lehen Urrats txostenak azaltzen duen bezala, edukia eskasa eta ez zehatza izaten da. Nire ustez, EJFKL-ak duen erronkarik nagusiena da akats bera ez errepikatzea. Nire iritziz, aurreproiektuak erronka horri aurre egin dio, testu ausarta eta aurrerakoia plazaratuz.

Hauexek dira, nire iritziz, proposatzen diren hiru osagairik nabarmenenak:

1.- Jarduera Fisikoaren sustapena zeharkako ikuspegiarekin planteatzen da. Horrela izanik (zeharkako ikuspegia eskatzen duten ingurumena, euskara edota berdintasuna bezalako gaietan gertatzen den bezala), EJFKL-ak udalerri, aldundi eta Gobernuaren parte hartzea eskatzen du (udalerria ardatz nagusitzat hartuz). Era berean, jarduera fisikoaren sustapena administrazio arlo ezberdinen parte hartzearekin antolatzen da: kirola, osasuna, hezkuntza, gizarte zerbitzuak, lana, hirigintza, garraioa eta bide-segurtasuna.

Gizarte arlo guzti hauetarako aurreikusita dauden ekintzen artean hezkuntzaren arlokoak nabarmenduko nituzke, ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-proiektuan eguneroko jarduera fisikoa sustatzeko ekintza egokiak txertatuko direla aurreikusiz eta Gorputz Hezkuntzako irakasgaiaren ordu kopurua gehituz, irakasgai hori astean hiru ordutan emanez Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako maila guztietan.

2.- Jarduera Fisikoaren Euskal Agentziaren sorrera, betebehar zehatzak ezarriz. Zehar lerroko politikek lidergo garbia duen erakunde bat ez badute, era koordinatuan garatzea oso zaila da. Lidergo hori Jarduera Fisikoaren Euskal Agentziak hartuko du bere gain.

3.- Kirol-txartel bakarraren sorkuntza. Nire ustez, kirol sistematik jarduera fisikoaren sustapenerako eskaini daitekeen hobekuntzarik nabarmenena da. Txartel bakarren onurak dagoeneko jasotzen ari bagara liburutegi edota garraioaren arloetan, zeren zain gaude kirol arloan ere antzekorik izateko? Lehenbiziko proba batzuk eginak dira Ezkerraldeko hainbat udalerritan, eta Gipuzkoara ere zabaltzeko asmoa dago.

Hiru osagai hauetaz gain, beste ezaugarri bat ere nabarmenduko nuke: Lege aurreproiektuak proposatzen duena erabat egingarria da. Nire aburuz, testua oinak lurrean izanda idatzia izan da, helmuga lortzeko ahalegin handia eginez baina utopian erori gabe. Ea gai honetan beharrezkoa den adostasuna lortzerik dagoen eta ardura politikoa duten pertsonek ere horrela ulertzen duten.

Nire ustez, Eskozioako eredua adibide ona izan daiteke EAEan orain behar duguna ulertzeko. Nanette Mutrie (professor at the University of Edinburgh and Chair of Physical Activity for Health) podcast honetan Eskozian jarduera fisikoaren politiketan lortutako aurrerapena azaltzen du, politika horiek garatzeko 20 urtetan lortutako adostasun politikoa nabarmenduz. Jarraian grafikoki azalduz, Eskozian azken urtetan adostasun politikoari esker lortutako hainbat hobekuntza. Hemendik urte batzuetara antzekorik esango al dugu EAEan ere bai?

Utzi erantzuna