/ Blogaria: Mikel Bringas / in Iritziak

Euskal osasun inkesta, datu gehiago

Aurreko sarrera batean Euskal osasun inkestaren jarduera fisikoari buruzko atalak aztertu nituen, baina eserita egotearen inguruko datuak eta familia galdetegiaren 27 galderaren inguruko datuak (ariketa fisikoa 7-14 urte) aztertu gabe gelditu ziren, eta horixe egin nahi nuke oraingo honetan.

Aurreko sarreran aipatu nuen bezala, Euskal Osasun Inkesta neurri handiko lana da, jarduera fisikoaren egoera ezagutzeko informazio iturri oso garrantzitsua.

Inkestaren arduradun teknikoek aztertu ez nituen datuak bidali dizkidate eta jarraian informazioa partekatuko dut.

Ume-nerabeen datuak azterturik, berriz ere aurreko sarreran aipatu nuen terminologiaren arazo bera aurkitzen dut, “jarduera fisikoa” eta “ariketa fisikoa”ren arteko bereizketa garbirik ez baita egiten. Bestalde, datuak aisialdian kokatzen dira, beraz, ez dakigu zein den bizitza osoaren errealitatea.

Lehenbiziko taula hau azterturik, hauxe azpimarratuko nuke:

  • Egoera ez da ona. Nesken %46,7ak eta mutilen % 37,5ak astean bi ordu baino gutxiago egiten du jarduera fisikoa edo kirol-jarduera aisialdian eskolako ordutegitik kanpo.
  • Arabako egoera da larriena, %54,9ak.
  • Bizkaian eta Gipuzkoan nesken egoera mutilena baino okerragoa da.

Beste adinen azterketan klase sozialaren eragina emakumezkoen artean gizonezkoen artean baino handiagoa dela eta azken hauen artean ia baztertu dezakegula aipatzen genuen. Aurreko taulak erakusten digun bezala, ume-nerabeen artean eragina askoz handiagoa da bi sexuetan, eta nesken artean oraindik gehiago.

Eserita igarotako denbora ere neurtu du inkesta honek:

Aurreko taulan daturik larrienak pertsona nagusien artean kokatuak daude. Talde honetan, bai Bizkaiko emakumeen egoera, bai Gipuzkoako gizonena kezkatzeko modukoak dira. Beste taldeetan, 15-24 urteko Bizkaiko emakumeen 8,6 orduak ere aintzat hartzekoa da. Beste muturrean daude Arabako 25-44 emakumeen 5,0 orduak.

Eserita igarotako denboran klase sozialaren eragina erakusten du hurrengo taulak:

Datuak ikusirik, ni ez naiz ausartzen esatera eragin garbirik dagoenik.

Eta ondorio bera ateratzen dut ikasketa maila aintzat hartzen badugu:

Inkestak sakonago aztertu du eserita igarotako denbora, eta ondorengoa ere galdetzen du: “Eserita zauden denbora horretan, ohiko egun batean, baduzu etenik egiteko ohiturarik (orduro gutxienez), jaikitzeko eta luzatzeko edo apur batean ibiltzeko?” Eta jarraian emaitzak:

Adierazitako kopuruek erakusten dute aurreko galderan ezetz erantzun zutenak. Honetan ere, datuak ikusirik, ez naiz ausartzen ondorio garbirik ateratzera. Eta datuak klase sozialaren arabera azterturik ere, ez dut ezer deigarririk ikusten nabarmentzeko:

Beraz, agerian da Euskal osasun inkesta datu iturri garrantzitsua dugula. Mugiment egitasmoan ikerketa talde bat sortzeko asmoa dugu, eta talde honen eginbeharren artean EEAn jarduera fisikoaren egoera nola ebaluatu behar den zehaztea aurreikusirik dago. Imajinatzen dut taldeak Euskal osasun inkesta aintzat hartuko duela eta hobetzeko proposamenak egingo dituela.

Guzti honetaz, ostegun honetan bertan KAITek antolaturiko jardunaldi honetan arituko naiz. Ea bertan elkar ikusteko aukera dugun.

Etiketak:

Utzi erantzuna