/ Blogaria: Iker Etxeberria / in Iritziak / 4 iruzkin

Gorputz Hezkuntza

Aurreko iritzi artikulu batean idatzi nuen Hezkuntza sistema gizartean ditugu arazo guztien salbatzaile gisa ikusi ohi dugula. Astea berri zirikatzaile batekin hasi genuen. Beharbada, albisteak helburu horren alde lanean ari direnei ez die mesederik egingo, kontrakoa dirudien arren, gai hau landu gabe dagoelako. “Euskadik 3ra igoko ditu asteroko Gorputz Hezkuntzako orduak”. Hala izan bedi, nahiz eta ziur egon hau ez dela gertatuko urte batetik bestera. Bitartean, titularrak utzi digun oihartzunaren olatu hau hausnarketa pertsonal bat plazaratzeko baliatuko dut.

Etorkizuneko pertsona heldu aktiboak, momentu honetan, eskolan ikasten ari dira. Hauekin lan egiteko orain da momentua epe luzera lan egitea erabakitzen badugu. Epe motzean etekin hobea emango digu gaixotasun kronikoen zerrenda amaigabea duten adindunekin lan egitea, bai, baina emaitzen iraungitze data laburra izango da. Begira dezagun, beraz, distantzia luzeko prismatikoekin.

Bestalde, nazioarteko osasun erakunde ezberdinak bat datoz esaterakoan haurrek, gutxienez, astean 7 orduz egin behar dutela jarduera fisikoa; edo beste modu batean esanda, egunean ordubete.

Gorputz Hezkuntzako orduak astean 2tik 3ra igotzean ez gara ezer asmatzen ari. Ez gara aitzindariak, atzetik goaz. Urruti joan gabe, eta askotan eredutzat ditugun gure iparraldean dauden herrialdeetatik oso aparte, Ceuta eta Melillan, edota Madrilen, onartuta dute aldaketa hau.

Gure gizartea nola dagoen antolatuta ikusita, nire ustez, Hezkuntza sistemak har dezakeen erabaki honek orekatu egingo luke eragile ezberdinen ardura banaketa, beti ere pertsona aktiboak lortzeko helburuarekin.

Ikuspegi praktiko batetik, haur eta gazteen bizi ohitura osasuntsuak sustatzeko 3 esparru nagusi ikusten ditut: eskola, komunitatea eta familia. Familiarentzat asteburua da momentu egokiena, eta komunitateko ekintzak, gehienetan, astean 2 eguneko maiztasunarekin eskaintzen dira. Beraz, eskola orduetan astean 3 orduz (eta 3 egunetan ahal bada) jarduera fisikoa egitea ez dirudi planteamendu zoroa. Gainera, ez dezagun ahaztu, esparru hau dela erabat profesionalizatuta dagoen bakarra beste biekin alderatuta, eta beraz, bertan egiten den jarduera fisikoaren edukia, kalitateari dagokionean ere, goi mailakoa da.

Ikusiko dugu nola amaitzen den istorio hau… baina pilota ez dago soilik Hezkuntza sistemaren teilatuan, familiek eta komunitateko beste eragileek eta erakundeek asko dute esateko eta egiteko gai honetan.

Etiketak:

4 iruzkin

Utzi erantzuna