/ Blogaria: Mikel Bringas / in Iritziak / 2 iruzkin

Jarduera fisikoa eta osasuna: aukera ala beharra?

Jarduera fisikoaren sustapenean osasun ikuspegiaren garrantzia eztabaidatua da askotan. Sarrera honen bidez nire iritzia plazaratu nahi nuke.

Estadio Fundazioak antolaturiko ondorengo solasaldian parte hartu nuen eta beste kontu batzuen artean artikulu honen gaia ere atera zen. Twitter-en ere eztabaida hau ere askotan ikusten dut.

Gizartea hobetzeko kirolaren aukerak ugari dira. Era zabalago batean, jarduera fisikoarekin berdin gertatzen da. Jarduera fisikoa tresna erabilgarria da ekonomia suspertzeko, gizarteratzeko, hizkuntza zabaltzeko, joan-etorriak azkarrago egiteko, errendimendu akademikoa hobetzeko, ingurumen ekarpenak egiteko, hezkuntza baloreak lantzeko, lan eraginkortasuna areagotzeko, pakea sustatzeko, berdintasuna eta ekitatea bultzatzeko… hamaika erabilpen eta onura proposatu-lortu daitezke modu egokian planteatzen badira, baina bat, nire ustez ezberdina da: osasuna.

Osasunaren kasuan, nire iritziz jarduera fisikoa ez da tresna edo aukera bat, behar bat baizik.

Esaterako, solasaldian aipatu nuen bezala, nire euskal izaeraren sorrerak bi osagai nagusi izan ditu oinarritzat: hizkuntza eta kirola. Egia da toki zehatz batean jaio eta bizi naizela, ingurumen zehatz batean murgildu naizela, hezkuntza sistema batean ikasia naizela, janari mota, giza harremanak, musika, dantza… badira osagai asko bizi ditudanak gizarte zehatz batean, baina ni euskalduna sentitu naiz bi arrazoi nagusiengatik: euskaraz komunikatzeagatik eta pilotari izateagatik. Nire kasuan euskal pilota baliabide bat izan zen sentimendu hori, izaera kultural hori eraikitzeko. Ez zen baliabide bakarra izan, eta seguru nago pertsona askok sentimendu sakonagoa garatzen dutela pilotari izan gabe. Beraz, nire kasuan, kirola tresna bat, baliabide bat izan zen, baina ez bakarra eta ez behar-beharrezkoa.

Jarduera fisikoa eta osasunaren arteko harremana bestelakoa da. Jarduera fisiko ezaren ondorioz sortzen diren osasun arazoak jarduera fisikoaren bidez baino ezin dira konpondu. Beraz, jarduera fisikoa ez da osasuna lortzeko baliabide edo tresna bat, nahitaezkoa den behar bat baizik. Lehen aipatutako kasu guztietan jarduera fisikoaren bidez lortu daitekeena beste baliabide batzuen bidez ere lortu daiteke, nire ustez.

Horrela izanik, nire aburuz, osasunak garrantzi berezia izan behar du jarduera fisikoaren sustapenean.

Eta zuk, nola ikusten duzu?

2 iruzkin

Utzi erantzuna