/ Blogaria: Mikel Bringas / in Iritziak

Jarduera fisikoa euskal osasun inkestan

Bost urtean behin Euskal Osasun Inkesta burutzen da. Ikerketa honek jarduera fisikoaren inguruko atal batzuk ditu. Horregatik, Euskal Osasun Inkesta, EAEan jarduera fisikoaren sustapeneko politikak zehazteko oinarrietako bat izan beharko litzateke.

Euskal Osasun Inkesta neurri handiko lana da, lagin zabala erabiltzen duena (12.071 pertsona galdetuak), baina eskatzen duen inbertsioa (azken 5 urtetan EJko aurrekontuetan zehazturikoa errepasatuz, 2018: 70.180€; 2017: 280.000€; 2016: 86.000€; 2015: 86.000€; 2014: 86.328€) justifikatua izateko, interpretatua izan behar da eta garatuko diren politikak baldintzatu behar ditu.

Inkestak IPAQ galdetegiaz baliatzen den arren, deigarria da datuen azalpenean erabiltzen dituen hiztegia, emaitzen interpretazioa eta nazioarte mailako beste ikerketa batzuekin alderatzea zailduz. Ez al litzateke egokiagoa erabiltzea “jarduera fisikoa”, “ariketa fisikoa”, “sedentarismoa”, “pertsona aktiboak” eta “inaktiboak”, Munduko Osasun Erakundeak zehazturiko kontzeptuei jarraituz, eta ez ikerketa honetan erabilitakoak?

Jarduera fisikoari dagokionez, prentsa oharrean nabarmendu dena zera izan da: “Azken urteotan, sedentarismoak ehuneko 6 eta 8 puntu behera egin duela ikusi da, gizon eta emakumeetan, hurrenez hurren”:

“Sedentarismoa” baino “inaktibitatea” esan nahi duela imajinatzen dut. Hobekuntza horren arrazoia ezagutzea komenigarria litzateke, eta jarduera fisikoaren sustapenen ekimenekin loturarik duen ere bai.

Era berean, hauxe aipatzen da: ”Halere, gizonen % 20k eta emakumeen % 27k ez du ariketa fisiko osasungarririk egiten”. Atzerriko datuak aintzat hartzen baditugu, datu hauek ez al dira oso baikorrak? Lehen urrats txosteneko hirugarren atalari begirada bat egitea gomendatzen dut.

Baina izenburuetarako eskainitako datuez gain, badira beste batzuk deigarriak egiten zaizkidanak, eta gainera batzuetan nire iritzi pertsonala hankaz gora jartzen dutela aitortu behar dut. Jarraian azalduko ditut.

1.- Lurraldearen arabera, emaitz okerrena lortzen den tokian Mugiment egitasmoak presentzia handiagoa du. Basoa erdi betea edo erdi hutsik ikus dezakegu. Hau da, Mugiment egitasmoa ez da eraginkorra edo behar handiena dagoen tokietara iritsi da. Argitaraturiko datuak aintzat hartuz, Gipuzkoak kezka handiena izan beharko luke, Bizkaia eta Araba baina okerrago dagoela erakusten baita:

Eta kezkagarriena da Bizkaian eta Araban hobekuntza nabarmena izanik, Gipuzkoan atzera egin dela 2013ko datuekin alderatuz:

Aurreko irudia aztertzen badugu, ikaragarria da Bizkaian azken 5 urtetan lortutako hobekuntza.

Araba da orokorrean emaitzik onena lortzen duen lurraldea. Eta errealitate honekin bat eginez, bizikletaz mugitzearen inguruko daturik onenak ere erakusten ditu. Beste gizarte batzuetan ere berdin gertatzen dela erakusten da Lehen urrats txosteneko seigarren atalean:

2.- Gipuzkoako beste lurraldeekiko aldea zehatzago aztertzen badugu, deigarria da 15-24 tartean egindako jarduera fisiko baxua. Gipuzkoan, Arabako eta Bizkaiko bikoitza baino gehiago:

3.- Baina Gipuzkoako adin tarteak errepasatzen baditugu, daturik okerrenak ez daude 15-24 tartean, hurrengoan baizik 25-44, bai gizonezko bai emakumezkoen artean:

Lurraldeen arteko aldea aintzat hartzekoa da. 25-44 adin tartean, Arabak Gipuzkoak baino 25 puntu gehiago lortzen ditu. Deigarria da gizonezko 15-24 tartean Araban lortutako %90,4a:

Berriz ere 2013ko datuak aztertzen baditugu, Gipuzkoak oraingoan emaitza okerrak atera ditu bi sexuetan adin tarte guztietan, 75 urte baino gehiagoko pertsona eta 15-24 nesken artean ezik:

Gipuzkoan kontziliazioaren aldeko ahaleginak datu hauetan argudiatu daitezke, 25-44 tarte horretan arazo potoloenak azaldu daitezke eta. Hala ere, ulergaitza egiten da adin tarte horretan bertan, Gipuzkoan gogobetetasun handiena lortzea:

4.- Hiru lurraldeen arteko parekotasunik handiena 75 urtetik gorakoengan erakusten da:

5.- Klase sozialaren eragina emakumezkoen artean gizonezkoen artean baino handiagoa da. Azken hauen artean ia baztertu dezakegu:

6.- Baina sexuak eta klase sozialak baino eragin handiagoa erakusten du ikasketa mailak, emakumezkoen artean batez ere:

Datu hauen arabera, gizarte aktiboa sortzeko biderik eraginkorra ikasketa-maila igotzea da.

7.- Denborarekin mugatuen sentitzen diren pertsonak (emakume zein gizon) klase sozial handiagoa dutenak dira. ¿Noraino dira berdinak errealitatea eta gure perzepzioa? ¿Klase sozialak gure perzepzioa baldintzatzen al du?:

Era berean, deigarria egiten zait klase baxuko gizonezkoen artean borondate faltaren inguruko perzepzioa.

8.- Harreman bera erakusten da ikasketa-maila aintzat harturik, maila altuagoa duten pertsonek (emakume zein gizon) denborarekin mugatuen sentitzen direnak izanik:

9.- Sexuen arteko alde orokorra % 6,6a da:

Baina sexu bakoitzak adierazitako borondateari erreparatu ezkero, aldea %5,3koa da. Beraz, itxuraz, emakumeek jarduera fisiko gehiago egiteko, beraien gogoa hobetu behar da, eta aurretik azaldutakoari jarraituz, bidea ikasketa maila igotzea litzateke agian. Hau dagoeneko gertatzen ari denez, beharbada etorkizuna bestelakoa izango da.

10.- Jarduera fisikoa egiteko denbora muga, gizonezkoen artean emakumezkoen artean baino pixkat handiagoa da. Irudi horretan deigarria egiten da Arabako gizonezkoen arteko borondate faltaren datua.

Azkenik, ez naiz gai aurkitzeko eserita egotearen inguruko datuak (azken inkestan berrikuntza bat duena), ezta familia galdetegiaren 27 galderaren inguruko datuak (ariketa fisikoa 6-15 urte). Azken hau, nire ustez, etorkizuna ezagutzeko daturik garrantzitsuenetarikoa da, eta beraz, hobetzeko politikak planifikatzeko erabilgarria.

Bukatzeko, artikulu honetan kaleratutako ideiak eztabaidatzera, ezeztatzeta eta osatzera, beste profesionalak animatu nahi ditut, ikerketa honek interpretazio zuzenik lortzen ez badu erabilgarritasuna galduko baitu.

Etiketak:

Utzi erantzuna