/ Blogaria: Iker Etxeberria / in Iritziak / 4 iruzkin

Jarduera fisikoaren erronkak

Oso gutxi dira gaur egun kirol instalakuntzarik gabeko herri edo auzoak. Ohikoak ziren futbol zelai edo frontoiez gain, jarduera anitz egiteko aukera ematen zuten kiroldegiak eraiki ziren non-nahi laurogeigarren hamarkadatik aurrera. Kirol elkartegintzari izugarrizko bultzada eman zion honek, eta bide batez, bide berriak ireki zizkien herritarrei: norbere kabuz elkarte bateko kide izan gabe ariketa fisikoa egiteko aukera. Ariketa fisikoa egiteko aukera ia edonoren eskura zegoen herri edo auzo gehienetan eta, gizartea jasaten ari zen aldaketen ispilu zen errealitate berri horri esker, parte-hartzaile ugari erakarri zituen kirol-ariketaren munduak.

Ahalduntze prozesu honekin batera, proba eta ekitaldi herrikoiak ere ugaltzen joan ziren. Herritar orori irekiak, norbere buruari jarritako erronka-ekitaldi hauek ez zuten behartzen inor elkarte bateko kide izatera edo liga luze batean parte-hartzera. Larregiko konpromisoak alde batera utzi eta ariketa fisikoa malgutasunez ulertzeko aukera ematen zuten eta, helburuak banakakoak izanik, bakoitzak erabaki zezakeen noraino iritsi nahi zuen.

Eta garapen honek ez du etenik izan gaur arte, berarekin batera, inguratzen duen jardun ekonomikoa izugarri handituz. Baina testuingurua eta datuak aztertuz gero, momentu honetan ziklo aldaketa baten aurrean gaudela iruditzen zait.

Inkestak ezberdinak ikusita, kiroldegi eta gimnasioetan izena emandakoen herritar portzentajea %30-37 tartean dago. Era berean, osasun arloko administrazioek eskaintzen dizkiguten datuek diote, fisikoki aktiboak diren herritarrak %68-74 inguru direla. Beraz, kiroldegi, gimnasio, kirol elkarte edota froga herrikoiekin, kirola antolatua izan ala norbere kabuz egin, herritarren bi herenenganaino iristea lortu dugula esan dezakegu. Baina… non dago beste herena?

Ez daukat erantzun zehatzik, baina bai susmo handi bat: heren hori, ariketa fisikoa bere lehentasun-zerrendaren azken lerroetan utzi duten pertsonek osatzen dute, ez nahi ez dutelako, bizitzan ohiz kanpoko egoerei aurre egitea tokatu zaielako baizik. Ondorioz, irudipena daukat, aurreko bi herenak eskura baliabideak jarrita gerturatu zaizkigun moduan, hirugarren heren hau ez dugula hain erraz erakarriko. Kontran, gu hurbildu beharko gara beraiengana.

Gizartearen konplexutasuna ulertu beharra dugu jarduera fisikoa eta kirolaren hedapenean lanean jarraitzeko. Balizko parte-hartzaile berriengana gerturatze selektiboa egin behar izango dugu; gu haiengana eta ez alderantziz. Horretarako, dibertsitatea, aniztasuna eta desberdintasuna bezalako kontzeptuak oso presente izan beharko ditugu. Eta etsigarria ematen duen arren, erabiltzaile berri bat gureganatzeko beharko dugun ahalegina handiago izango da. Ordainetan, pertsona inaktibo bat mugitzen jarriko dugun bakoitzean sortuko digun poztasuna ere handiagoa izango da.

Etiketak:

4 iruzkin

Utzi erantzuna