/ Blogaria: Neritzel Albisua / in Iritziak / 4 iruzkin

Kirolaren eragina

Argi dago batzuen ustez kirola hutsala dela, munduan benetan garrantzitsuak diren gauzekin alderatuz gero, eta ni orokorrean, horrekin ados egon naiteke. Besteak beste, egungo egoera negozio handi bat izan daiteke, baina jarduera beraren funtsa ez dela hutsala iruditzen zait. Azken finean, jolasaren garapena da.

Kirola gauza hutsal samarra izan daiteke hainbat gai seriorekin erkatuta, hala nola: klima aldaketa, Euskal Herriko bake-prozesua, Siriako errefuxiatuen egoera, genero-indarkeria, txiroen eta etxegabeen egoera larria, etxe desjabetzak, Ekialde Ertaineko gatazkak, Amerikako Estatu Batuen esku-hartzea Kuban, Indiako lurrikarak etab. Are gehiago, ez dago dudarik kirola oso tresna erabilgarria dela nazioaren arreta estatuko gaietatik eta prozesu politikoetatik aldentzeko. Haatik, kirola eta eskolako Gorputz Hezkuntza praktika kulturaleko eremuak dira, eta indarkeria, pobrezia eta opresioa bezalako gai garrantzitsuak sostengatzen dituzten ideologia nagusiak sustatu edota kolokan jar ditzakete. Ez dut esaten Gorputz Hezkuntzaren helburua munduko arazo sozial eta ekonomiko handiak konpontzea denik. Agerian dago hori irrigarria dela. Aldiz, esaten dut irakasleen prestatzaileon erantzukizuna dela ohartzea gure lanbidea gizarte-gai zabalagoen barnean dagoela sarritan, eta, hori aitortzearekin bat, gure jardunbidea aldatzen saiatzeko erantzukizun morala dugula. Zalantzarik gabe, gure gizartearen parte handi batentzat ariketa fisikoa aisialdia gozatzeko modu nagusia da. Ariketa fisikoa entretenimendu gisa erabiltzeak esan nahi lezake besteen jarduna ikustea, zuzenean edo telebistan, edo jardueran bertan parte hartzea. Gorputz Hezkuntzaren lanbideak azken horren alde egiten du, noski, eta dudarik ez dago hainbat ariketa fisiko motatan parte hartzea bultzatzea konpromiso soziala dela, kontuan hartzen baditugu aretoz, arbitroz, ekipamenduz, entrenatzailez, etab. hornitzeak dituen kostuak. Baina komunitatearen diru gehiena ikuskizun kiroletara doa. Modu batera ala bestera, entretenimendurako ariketa fisikoak (zenbait lehia-kirol zehatz) hartzen du dimentsiorik indartsuena. Tinning, Macdonald, Wright eta Hickey-k (2001) diotenez Gorputz Hezkuntzak eginkizun garrantzitsua du haien bizimoduan ariketa fisikoa baloratzen duten eta aldi berean irizpide kritikoko ikuspegiak dituzten herritarrak sortzen laguntzeko.

Etiketak:

4 iruzkin

Utzi erantzuna