/ Blogaria: Mikel Bringas / in Iritziak / 7 iruzkin

Legea… zein lege?

Euskadiko KIROL Legea hil zorian omen dago. Baina, zein izango da hurrengoa? Zer arautuko du?

Otsailaren 15erako jardunaldi hau iragarrita dago eztabaidagune interesgarri batekin. Bertan lantzeko proposamen gisa idazten dut sarrera hau.

14/1998 Legea, ekainaren 11koa, Euskadiko KIROLarena aldatzeko prozesua abian da. Juantxo Landabereak jakingo du hobeto zein den arau bat idazteko bidea, baina agian egokia litzateke lehendabizi zehaztea arautuko duen esparrua. Eta zein izango da lege honena? Iker Etxeberriak azaltzen zigun bezala, azken urteotan “KIROL” kontzeptua nabarmen aldatu da.

14/1998 Legea idazten ari zenean, KIROL poltsa hartzen nuen, KIROL arropa sartzen nuen (dotore joateko Lacoste izan behar zen, Panpi Laduche bezain “chic”) eta KIROL entrenatzailearen autoan sarturik herri bateko KIROLdegira joaten nintzen KIROL klubaren izenean, KIROL federazioak antolaturiko txapelketan lehiatzera. Bertara iritsita, KIROL epaileari KIROL lizentzia ematen genion KIROL partidan parte hartzeko. Bezperan eta hurrengo egunean erne egoten nintzen egunkariko KIROL atalean horri buruzko berriak irakurtzeko.

Hurrengo legea prestatzen ari denean, nire semeak telefonoa eta bizikleta hartzen ditu; lagunen “postureo” maila berdinean egoteko “Être fort“, “LR“, “GUP” edo antzeko traceur “casual” arropa jazten du. Euskal Herriko spot onenen bila joaten dira RT (reunión tricker) bidez. Heldurik ez muturra sartzen antolaketan. Kirol elkarterik ezta ere. Gaztetxoek antolaturiko saltsa, beraiena, beraientzat. Inork back bikoitza, katu luze edo antzeko trick edo mugimendu berezia egin ezkero, berehala Instagram eta Youtube-n egongo da. Mugitzeko eredu berria sortzen ari dira, baina antolatzeko ere bai, eta komunikatzeko ere bai, eta benetan erakargarriak Euskal Herrian sortzen ari diren edukiak:

 

Semea, KIROLaria bai; baina alaba dantzaria KIROLaria ere bai; eta amona ibiltaria ere KIROLaria. Hirurak mugitzen dira. KIROL lizentziarik edo antzeko zerbaiten inongo beharrik ez.

 

Bakoitzak KIROLa ikuspegi ezberdin batekin bizi du. Ikuspegi anitzak, KIROLaren errealitatea bezain zabalak.

Aniztasun horretan “Jarduera fisikoa” etorri zaigu. Horren adibide Jaurlaritzaren oraingo Jarduera fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritzaren izena. Legeak ere bide beretik joan behar al du? Beharrezkoa edo komenigarria al da bereizketa hori (kirola/jarduera fisikoa)?

Oraingo 14/1998 Legean jarduera fisikoaren inguruko aipamen bakarra dago, 98. artikuluan Gorputz Jardueraren eta Kirolaren Zientzietan lizentziatuen beharra arautzeko.

Ikasketa horietan KIROLa hitz polisemikoa dela erakutsi ziguten. Hala ere, ikasketa horien izendapenean kirola eta jarduera fisikoa bereizturik azaltzen zaizkigu, zuzendaritzaren izenean bezalaxe.

Munduko Osasunaren Erakundearen irizpidea jarraiturik, kirola, gorputz mugimendua beharrezkoa izanik, jarduera fisikoaren barnean dago. Orduan zertarako esan “jarduera fisikoa eta kirola” azken hau jarduera fisikoaren mota bat bada? Ez du ematen oso koherentea, ezta? Helburua al da erakustea jarduera fisiko mota batzuk bakarrik aintzat hartzen ditugula? Eta agian, Lege berrian ere berdintsua izango da, ezta?

Ohiko KIROLa baino zerbait gehiago arautzeko beharra dagoela dirudi, baina ez jarduera fisiko osoa. Esaterako, lan helburuarekin egindako jarduera fisikoa (kirol profesionala ezik) ez du ematen Lege berri honen esparrua denik. Edo eguneroko joan-etorriak ezta ere. Bide batez, zergatik ez dugu aprobetxatzen azaltzeko benetako kirolak baino ez direla arautuko eta horrela dauden mehatxu batzuk saihesten ditugu beste toki batzuetan egiten ari diren bezala?

Beraz, kirol jarduera-fisikoak al dira Lege berriaren esparrua?

Agian otsailaren 15ean hobeto ulertuko dut.

Etiketak:

7 iruzkin

Utzi erantzuna