/ Blogaria: Mugiment idazkaritza teknikoa / in Albisteak

Mugi Gorliz Orientazio Zerbitzuko lehen datuak

Ekainean Gorlizko Jarduera Fisikoko Orientazio Zerbitzuak 6 hile bete zituen. Sarrera honen bitartez denboraldi honetan lortutako datu adierazgarrienen berri eman nahi dizuegu.

Gorlizek 5.600 biztanle inguru ditu, eta orientazio zerbitzuak asteartero irekitzen ditu ateak. Goizez, 09:00etatik 14:00etara Osasun Zentroan eta arratsaldez, 16:00-20:00etara Kultur Etxean. Horretaz gain, 13:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 19:00etara Sertutxenan, zerbitzuaren erabiltzaileentzat taldeko saioak ematen dira indarra, erresistentzia, oreka eta malgutasuna lantzeko edo ohitura osasungarrietan hezteko.

Asier Melendre da orientatzailea eta bera izan da zerbitzuaren arduraduna hau martxan jarri zenetik. Asteroko jarduera osagarriak eta aldizkako tailerrak ere berak gidatzen ditu. Erabiltzaileengandik jaso duen balorazioa bikaina izan da: 9,4 puntu.

6 hilabete hauetan zehar 51 pertsonek, %36,1 gizonezko eta %63,9 emakumezko, hartu dute parte programan. Parte-hartzaileen bataz besteko adina 54,3 urte izan da.

Parte-hartzaileen artean, hipertentsioa, diabetesa, osteoporosia eta artrosi mota desberdinak izan dira patologiarik nagusienak.

Jarduera fisikoaren maila neurtzen duen IPAQ galdetegiaren bidez jasotako datuen arabera, parte-hartzaileen %42,2k jarduera fisikoaren maila nabarmen handitu dute. Horrela, %28,3 inaktibo izatetik aktibo izatera pasa dira eta %13,9 nahiko aktiboak izatetik oso aktiboak izatera pasa dira.

Horrela, zerbitzuaren erabiltzaileek eginiko jarduera fisiko maila bataz beste, asteko 824 MET-min* handitu da. Datu hau ulertze aldera, honek suposatzen du astean ibiltzen ematen duten denbora 3 ordu eta erdi handitzea.

Datu hauek aintzat hartuz, JFOZ badirudi eredu ona izan daitekeela Gorlizko biztanleen jokabide aldaketa lortzeko. Orain dugun erronka da aldaketa hori denboran mantentzea, hau, garrantzia kendu behar ez diogun alderdia delako.

Zorionak Gorliz eta zorionak Asier, egindako lanagatik!

Etiketak:

Utzi erantzuna