/ Blogaria: Mikel Bringas / in Iritziak

Mugibili bukaera

Mugibili bukaerara iritsi da.

Erabiltzaileei bidali berri zaien mezua azaltzen dizuet:

Mugibili webgunearen bukaera iritsi da. Testu honen bidez honen arrazoia azaltzen saiatuko gara.

2010ean, Jaurlaritzaren Kirol Zuzendaritzan (oraingo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza), hausnarketa prozesu bat ireki zen, Jaurlaritzak kirol politiketan jarraitu behar zuen noranzkoa zehazteko. Beste gogoeta batzuen artean, errealitate hauek ikusten ziren:

  • Natura giroan norberak antolaturiko kirolaren praktikaren gorakada. Honekin lotuta zikloturismoaren garapena Europan.
  • Internet, eta bereziki gizarte komunikabideetan, kirol administrazioaren presentzia eskasa.
  • Jaurlaritzak iragarritako bizikletaren plana. Kirol Zuzendaritzaren zeregina plan horretan.

Guzti horren ondorioz, eta hasitako hausnarketa borobilduz, Ibilbideak izeneko egitasmoa garatzea erabaki zen, 2012ko martxoan abian jarrita.

Ibilbideak egitasmoaren ardatz nagusia ibilbideak eta ibilbideei lotutako kirol ekitaldiak partekatzeko webgunea zen.

Ibilbideaken izandako esperientziari jarraiturik eta Mugiment egitasmoa garatzen ari zenez, Mugibili webgunea abiatzea egokia zen, Mugiment egitasmoaren barne kokaturik. Mugibilin, Ibilbideakeko atal garrantzitsuenak mantentzea erabaki genuen, baina webguneak atal berri nagusi bat eskainiko zuen: kirol-jarduera fisikoaren eskaintzaren bilatzailea. 2015eko abenduaren 16an, Mugibili online jarri genuen.

Jaurlaritzaren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak, Ibilbideak eta Mugibiliren garapena Wikiloc enpresarekin adostu zuen. Baina geroago, egitasmoa aurrera eramateko bete beharreko balditza tekniko-juridikoak aldatu dira, eta bideraezin bihurtu dute.

Ibilbideak eta Mugibilin izandako eragilerik garrantzitsuena webgune horien inguruan sorturiko komunitatea izan da. Ibilbideak-Mugibili komunikazio egitasmoa izan da. Komunikazio tresna baten bidez jarduera fisikoa sustatu nahi zuen Jaurlaritzak eta horretarako 1.000 baino gehiago pertsona eta erakundek ia 10.000 ibilbide argitaratu dituzte, eta ia 500ek 23.000 kirol ekintza baino gehiago partekatu dituzte. Komunitate honi mila-mila esker urte hauetan emandako laguntza osoagatik.

Bukatzeko, barkamena eskatzen dizuegu itxiera honek sortu ditzakeen eragozpen guztiengatik. Musutruk urteetan aritu zarete lanean. Horrela izanda, webguneak izan duen bukaera, gure ustez ez da batere egokia izan, eta ez da merezi duzuena. Horregatik, sortutako trabak txikiagotzeko asmoz, Mugibilin ibilbideak argitaratu zituztenek, horrela nahi izan ezkero eta dagoeneko egin ez badute, Wikiloc-era pasatzeko aukera izango dute. Horretarako, urriaren 15ean bigarren e-posta mezu bat jasoko duzue astebeteko epea irekiz, ibilbideak webgune batetik bestera pasatzeko.

Berriz ere, urte hauetako zuen laguntza eskertzen dizuegu.

Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza eta Wikiloc

Ibilbideak-Mugibili Interneten elkarlanean oinarritutako egitasmoa izan da. Nire ustez administrazioak zailtasun nabarmenak ditu modu horretan lan egiteko, hala ere, egitasmo honetan gainditu dira eta arrazoi nagusiak hiru izan dira.

Alde batetik mundu mailan liderra den enpresa baten laguntza izan dugu. Wikiloc-ek eskaini duen zerbitzua enpresaren maila berekoa izan da.

Bestalde, webgunea aurrera eramateko kide ezin hobeak izan ditut. Hasieran Naiarak ederki erakutsi zizkidan Interneten mugitzeko oinarriak. Jarraian Molek ekarpen ikaragarria egin zuen, gehienbat kartografiaren arloan. Alberto beti inurri lanetan ibili da. Zarata gutxi eginez, etekin handia lortuz.

Baina mezuan esaten den bezala osagarririk garrantzitsuena webgune honen inguruan sorturiko komunitatea izan zen. Komunitate horri mila-mila esker urte hauetan emandako laguntza osoagatik.

Eskerrik asko.

Etiketak:

Utzi erantzuna