/ Blogaria: Mugiment idazkaritza teknikoa / in Albisteak

Mugiment Euskadi koordinazio bilera ekainaren 4an

Mugiment egitasmoa koordinatzeko hiru maila ezberdin zehazten ditugu: tokian tokiko sareak, lurralde mailakoak eta Euskadi osokoa. Azken maila honetan, urtean bi bilera egiten ditugu eta hurrengoa ekainaren 4an izango da. Azalduko dizuegu zer landuko dugun bertan.

Mugiment-Euskadi-Lakua-1

Goiko irudia Mugiment Euskadi koordinazio azken bilerarena da. Iazko irailean bildu ginen eta handik aurrera egitasmoa berpizten saiatu gara. Hurrengo bilera ekainaren 4an, goizeko 11etan Lakuako 5. gelan izango da, eta Mugiment sustatzaile guztiok parte harte dezakegu. Bileraren gai zerrenda hemen ikus dezakezue eta zeuek ere gaiak proposatu ditzakezue gai zerrendan sartzeko. Bileran errepasatuko dugu orain arte egindakoa eta dauzkagun asmoak azalduko ditugu. Aurreikusita dauden bi gai aurreratu nahi dizkizuegu.

Alde batetik, aurreko sarrera batean komentatu zen bezala 14/1998 Legea, ekainaren 11koa, Euskadiko Kirolarena aldatzeko prozesua abian da. Hori dela eta, hobekuntza handi bat proposatu nahi dugu: jarduera fisikoaren sustapenak lege berrian edukia izatea. Horretarako, eragileen arteko eztabaida eta akordioa beharrezkoak izango dira. Bide horri hasiera emateko txosten bat prestatzen ari gara eta ekainaren 4ko bileran azalduko dugu. Txostena blog honen bidez argitaratuko dugu bilera baino lehen irakurri ahal izateko.

Bestalde, Mugiment ekimen guztien artean, bat nabarmendu nahi dugu. Maiatzaren 25a arte galdetegi honen bidez bidali dezakezue zuen proposamena. Ezinbesteko baldintza da proposatutako ekimenaren sustatzailea Mugiment sustatzaileen artean egotea. Mugiment sustatzaile bakoitzak ekimen bakarra proposatu dezake (eta ezin da izan norberarena).  Jasotako proposamen guztien artean BAT aukeratuko dugu ekainaren 4ko Mugiment Euskadi bileran. Irailean, Europako Kirol Astean horren aitorpen publikoa egingo da.

Mesedez, bilerara hurbiltzeko asmoa baduzu, mugiment.k@mugiment.eus helbidean aldez aurretik baieztatu.

Etiketak:

Utzi erantzuna