/ Blogaria: Mikel Bringas / in Iritziak

Nationalism vs. globalism: jarduera fisikoa

Jarduera fisiko eza munduko arazo larrien artean aipatzen da. Maila horretako beste arazo-irtenbideekin alderatuz, zein da honek duen berezitasuna? Jarraian nire iritzia azaltzen saiatuko naiz.


TED honek gogoeta sortarazi zidan:

Yuval Noah Harariren iritziari jarraiturik, zeintzuk dira gaur egun mundu mailan ditugun arazo larrienak? Garai batean gudak eta gosea heriotzaren arrazoien artean nabarmentzen ziren. Gaur egun, munduan jende gehiago hiltzen omen da gehiegi jateagatik gutxiegi jateagatik baino. Gainera, gaur egun jende gehiagok bere burua hiltzen omen du, krimen, terrorismo eta gudagatik hiltzen dena baino. Gehiegi jatearen eta arazo mentalen konponbideetako bat jarduera fisikoa izan daiteke.

Bestalde, arazo-erronka nabarmenen zerrenda aztertzen badugu, eguraldi aldaketa, migrazioa, arma nuklearrak, adimen artifizialaren ekonomia ondorioak, bioteknologiaren arazo etikoak eta sedentarismoa aurkituko ditugu. Denak mundu mailakoak, eta tokian tokiko egoera hobetzeko konponbide globalak beharrezkoak dira.

Esaterako, bizimodu jasangarria sustatzeko asmoz, Indonesian ahalegin handia egiten badute ere, bertan pairatuko dituzten klima aldaketaren ondorioak aldatzeko gaitasuna ez dute izango, irtenbidea ere globala izan behar delako.

Era berean, adimen artifizialagatik Euskal Herrian galduko diren lanpostuei aurre egiteko, mundu mailako neurriak beharrezkoak izango dira hemengo egoera konpontzeko. Adibidez, munduko oinarrizko errenta ezartzearena gero eta gehiagotan aipatzen da.

Baina jarduera fisiko ezaren kasuan egoera ezberdina da. Mundu mailako arazoa izan arren, gure gizartearen konponbidea, neurri handian gure eskuetan dago. Hau da, hemen landuko dugunak, hemen emango du etekina.

Mugiment horretarako sortu zen, tokian-tokiko egitasmo bezala, euskal gizarte aktiboa lortzeko, pertsona aktiboak izateko, alegia. Zu ere horietako bat al zara?

Etiketak:

Utzi erantzuna