/ Blogaria: Rosa Lasagabaster / in Iritziak / 3 iruzkin

Ni, neu naiz, Zurekin – Yo, mi, me, Contigo

Kaixo, egunON, arratsaldeON, GabON!

Nola zaude? Ni, neu, pixka bat urduri. Onartu egin dut noizbehinka zerbait idaztea blog honetan sedentarismoari aurre egiteko ekarpenak luzatzeko eta ardura honek larritu egiten nau. Hasieratik nahi dut garbi azaltzea ariketa fisikoa ez dudala isolaturik irudikatzen eta gai honi buruz soilik zerbait esateko dudanean idatziko dudala, apaltasun guztiarekin eta, bitartean, hobea izango dut  isilik egotea.

Rosa naiz, Felix eta Loliren alaba, Pedroren arreba, Asierren bikotea eta Iñaki, Maddi, Unai eta Leiren ama. Lankidea leku ezberdinetan, kirol elkarte batzuetan jokalaria eta lagunen laguna noski;  ehunka izen etortzen zaizkit burura. Bizipen guztiak PERTSONEKIN lotzen ditut eta, aldi berean, bizipenak zentzumen bitartez gogorarazten ditut.

Eskoriatzan jaio, hazi, hezi eta bizi naiz. Bertako komunitateko partaidea, gai batzuetan azkenengo lerroan eta beste gai batzuetan aurrenekoan. Eredua ematea ezinbestekotzat ulertzen dut; teoria praktikara eraman eta ametsak gauzatu; jarrera baikorra kutsatu eta “aktibistak” izan. Nire ustetan, ariketa fisikoa eta kirola gure sustraietan barneratuta dugunok honetan abantaila dugu:” amankomunean” dugu alaitasuna, indarra, kemena, konstantzia, badakigu partekatzen eta talde lanetan aritzen eta ohituta gaude irabazten zein galtzen.

Ohitura osasuntsuak eta harremanak bereziki interesatzen zaizkit. Ariketa fisikoa eta kirol mundutik etorri arren ez ditut ohiturak beraien bakardadean ulertzen, pertsona bere osotasunean baizik. Ariketa, elikadura eta portaerak modu bateratu batean landu behar direla ulertzen dut, beraien artean “harramantzen” eta modu horrek hezitzailea behar duela izan garbi dut, benetako transmisioa egon dadin.

Jarraian gonbitea luzatzen dizuet bideo labur hau, Arizmendi ikastolak dituen nahiak, ikusteko eta disfrutatzeko.

 

Zer iruditu zaizu?

Ideia hauek, balore hauek, etxerako erosten ditut, eta zuk?

Ni eta Gu IZAN, maitasunetik eta koherentziatik.

Izan horretan nahi ditugu HEZITU osasuntsu eta aktibo.

Ardura pertsonala eta kolektiboa uztartu egin behar da.

Abenturaren protagonistak: KOMUNITATEA, herri autoeratua, familia, PERTSONA.

Naiz eta gara eta elkarren artean daukagu HARREMANAK.

Nigan eta zugan konfiantza izan.

Neure burua zaindu eta maitatu.

Zu errespetatu eta zaindu.

Elkarrekin bizi, amets egin, eraldatu.

Bakarrik eta taldean AUTONOMOAK izaten ikasi nahi dugu.

PENTSATU – SORTU – EKIN – EGIN – KOMUNIKATU.

GARENA eta egiten duguna BANATU

HEZKUNTZAN sinisten dut etorkizuneko gizarte paregabea lortzeko, babestu egingo gaituena, konfiantza emango diguna, gizarte AKTIBO bat zentzu zabalean, osasuntsu fisikoki zein mentalki, “Mens sana in copore sano”, Guztion ardura da ezta? Lagunduko?

Laister arte

Irudiaren jatorria: “Regaré la esperanza” by muxotepotolobat

Etiketak:

3 iruzkin

Utzi erantzuna