/ Blogaria: Mikel Bringas / in Iritziak

Nondik gatoz?

Mugiment gizarte aktiboa lortzeko elkarlaneko egitasmoa da. Etorkizuna hobetzeko egitasmoa izanik, oraingo eta aurreko egoera ezagutzea komenigarria da, nora goazen jakiteko nondik gatozen jakiteak lagunduko digu eta. Horixe bera egin genuen Mugiment egitasmoa adostu genuenean, aurreko egoera aztertzen (2018ko lan-programaren 2. puntua).

Jarduera Fisikoaren inguruko daturik garrantzitsuena pertsona aktiboen kopurua da. Datu hau ezagutzeko dugun iturririk nagusiena euskal osasun inkesta izanik, horren aurreko argitalpenak aztertu ditut.

Lehenik eta behin argi eta garbi utzi nahi dut egingo dudana ez dela zuzena, itxuraz neurtutakoa ezberdina izan baita urtearen arabera. Muga hauek izanik ere, datu guztiak zaku bakar batean sartzen saiatuko naiz.

Aurreko sarreretan adierarazi dudan bezala, osasun inkestan deigarria da datuen azalpenetan erabiltzen den hiztegia, emaitzen interpretazioa eta nazioarte mailako beste ikerketa batzuekin alderatzea zailduz. “jarduera fisikoa”, “sedentarismoa”, “ariketa fisikoa”, “inaktibitate fisikoa” eta antzeko hitzen erabilera ez da jarduera fisikoen adituek ematen dietena, eta gainera ezberdina da inkestaren urtearen arabera. Beraz, udareak sagarrekin nahastuko ditudan arren, azterketa egingo dut.

Aztertu dudan lehenbiziko inkesta 1992koa da. Bertan aipatzen da 1986ko datuekin alderatuz aldaketa handirik ez dagoela, baina 1986ko datuak aurkitzeko gai ez naiz izan.

1992an, 1997an, 2002an eta 2007an inkestetan aisialdia / ohiko jarduera-ren arteko bereizketa egiten da. Ohiko jardueretako aurkitu dudan informazioarekin ez naiz gai inaktibitatearen inguruko daturik emateko. Horregatik, urte horietan “sedentario” izendatuta ez diren beste guztiak hartu ditut aktibotzat, baina argi izan behar dugu aisialdiaren inguruko datuak direla.

2013an eta 2018an, IPAQ galdetegia erabili zen eta beraz, eskainitako informazioa bestelakoa da. Urte hauetan, azken 7 egunetan jarduera fisiko moderatua edo altua egin zutenak hartu ditut aktibotzat.

Eta hauexek dira inkestetako datuak (portzentaiak):

emakume aktiboak gizon aktiboak orokorra
1992 (a) 23,0 39,0 31,0
1997 (a) 39,5 47,1 43,1
2002 (a) 31,3 39,8 35,4
2007 (a) 42,8 51,5 47,0
2013 65,2 73,7 69,3
2018 73,5 80,1 76,7

Datu hauek hasierako irudian erakusten dira.

Ondorio sendoak ateratzeko gai ez naiz, esan bezala itxuraz neurketetan aldaketa handiak egon direlako. Agian horixe da garrantzitsuena. Euskal osasun inkesta datu iturri garrantzitsuena izanik, bere ahalmen osoa aprobetxatu beharra dago eta horretarako hobekuntza guztiak proposatu behar ditugu. Landuko dugu.

Etiketak:

Utzi erantzuna