/ Blogaria: Mugiment idazkaritza teknikoa / in Albisteak / Iruzkin 1

Orientazio zerbitzuetarako gida

Mugiment egitasmoak jarraitzen dituen lan ildoen artean dago Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzuak sustatzea.

Zerbitzu hauen helburua da inaktiboak diren pertsonei laguntza eskaintzea aktibo bihur daitezen, joka-bide aldaketa horretan eragin dezaketen baldintzatzaile ezberdinak ulertzeko entzute aktiboa erabiliz.

Gero eta gehiago dira zerbitzu honen aldeko apustua egiten ari diren udalerriak, bere ohiko kirol eskaintza jarduera fisikoaren orientatzaile espezialista batekin osatuz. Orientatzaileak aholkatu, gidatu eta lagundu egiten ditu herritarrak aktibo izateko ohitura eskuratu arte eta zeregin horretan komunitateko beste kide batzuen lankidetza du, arlo anitzeko lan- taldea eraikiz, izan osasun arlokoak, gizarte zerbitzuetakoak, gazteriakoak, edota berdintasunekoak.

Zerbitzu hauei ahal den neurrian laguntzeko helburuarekin gida bat sortu dugu. Formatu digitalean dago eskuragarri eta ekarpen berriei irekita jarraitzen du, aldiro-aldiro, edizio berrituak argitaratzeko ideiarekin. Horretagik, zuen ekarpenak ongi etorriak izango dira ondorengo helbidean: mugiment@mugiment.eus

Gida hau, orientatzaile lana burutuko duten profesionalei zuzenduta dago eta, baita ere, zerbitzuaren kudeaketan edo bere garapenaren edozein fasetan arituko diren pertsonei. Irakurlearen eskura jarri nahi ditugu pertsonak aktibo bihurtzeko lan neketsuan lagundu dezaketen material, baliabide eta ideia ezberdinak, beti ere, proposamen apal gisa. Eduki egokienak edo zuen interesekoak direnak bakarrik aukeratu ditzakezue.

Lehen atalean Mugiment egitasmoa azaltzen dugu eta jarduera fisikoa eta bere testuingurua ulertzen lagunduko diguten hainbat kontzeptu birpasatzen dira. Bigarren atalak Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzuentzat eredu bat proposatzen du eta berau ezartzeko baliabideak.

Nahiz eta honek zailtasunak eragin ditzakeen, dokumentua ez inprimatzera animatzen zaituztegu. Jarduera fisiko eza gizartearen arazoa den moduan, ingurumenaren zaintza ere kontutan izan behar dugu.

Orientazio Zerbitzuak zer diren laburbildurik ulertzeko bideo hau lagungarria izan daiteke:

Etiketak:

Iruzkin bat

Utzi erantzuna