/ Blogaria: Mikel Bringas / in Iritziak

UPV/EHU jardunaldi osasuntsua

Aurreko ostegunean, unibertsitate osasungarrien eguna zela eta, Mugiment egitasmoaren inguruko hitzaldia eskaini nuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Horren inguruko hainbat hausnarketa plazaratuko ditut.

Hitzaldia irekia zen arren, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien graduko ikasleak ziren aretoan zeuden gehienak. Horrela izanik, interesgarria iruditu zitzaidan azaltzea ez bakarrik Mugiment egitasmoaren inguruan garatzen ari dena, baizik eta etorkizunerako, lehen urrats txostenaren bidez, mahai gainean dagoen proposamena, fakultate horretatik aterako diren ikasleek gizarte aldaketa horren protagonisten artean egon behar dira eta. Jarraian hitzaldiaren bideoa:

 

Garai bateko SHEE-IVEF zen tokian izan zen hitzaldia, eta pozgarria izan zen ikustea toki horretako hainbat detailetan lortutako garapen positiboa: eraikinaren moldaketa, bizikleta aparkalekuaren zabaltzea, sexu bereizketarik gabeko komunak… Bertako irakasle batzuekin ere solasean aritu nintzen, eta gogoz ikusi nituen lanean. Ekitaldiaren oinarria Sara Maldonado, osagarri guztiak zainduz. Benetan aurrerapen handia iruditu zitzaidan ikasle gormutu bat izatea bere itzultzailearekin. Gainera, hitzaldia bukaturik, proposamen bat egin zidan: gormutuen beharrak aintzat hartzea erakutsitako bideoetan. Konpromisua hartu nuen eta dagoeneko beteta dago: Mugiment bideoak azpitutuluekin argitaratuta daude orain.

Saioan lau hitzaldi zeuden, eta bizimodu osasungarriaren ikuspegi anitza eskaintzen zen lau gai ezberdin jorratuz. Honetan ere agerian da hobekuntza; ez dut uste gure ikasle garaian antzeko aukerarik izan genuenik. Gai horietako bat Cannabis & Tabakoaren binomia ulertzea zen. Azaldu nuen bezala, nire ustez, zorionez kirolaren arloan gizarte osoan baino eragin gutxiago du arazo honek. Hala ere, antzeko beste arazo bat, gure arloan gizarte osoan baina potoloagoa delakoan nago. Red Bull, Monster eta antzeko edarien kontsumoari buruz ari naiz, eta horixe jorratzea proposatu nuen hurrengo edizio baterako.

Bereziki atsegina izan zen Angel González irakasleak egin zidan aurkezpena. Ikasle nintzela, Angelek asko irakatsi zidan eta garai hartako une gozoak gogorarazi zizkidan.

Baina bi kontukin ez naiz gustura gelditzen. Alde batetik ez nintzen gai izan ikasleen proposamen-zalantza nahikoa lortzeko. Areto berak eta hitzaldi formatuak ez zuten laguntzen, baina neu ere segur aski ez nintzen oso trebe ibili eztabaida aberatsa lortzeko bukaeran.

Bestaldetik, gogorra egin zitzaidan hizkuntzen banaketa. Nire hitzaldia euskaraz egitea proposatu nuen, eta ikasle erdaldunak aintzat hartzea eskatu zidaten. Horrela izanik, euskara eta espainola tartekatuz egin nuen. Baina beste hiru hitzaldiak gaztelera hutsean izan ziren. Oraingoan ni, ez belarri prest, ez mingai bizi: bihotz goibel. Nire iritziak blog honetan elebidun argitaratzen ditut. Egoera orekatzeko, oraingoan bakarrik euskaraz.

Hemen hitzaldiaren aurkezpena, bertako hainbat irudi eta Twitter-en mugitu nuena.

Mila esker antolatzaileei gonbidapena luzatzeagatik.

Etiketak:

Utzi erantzuna