/ Blogaria: Mugiment idazkaritza teknikoa / in Albisteak

ZUK ekimena Cuencan aurkeztuta

ZUK, (Zuia, Urkabustaiz eta Kuartango) Araban jarduera fisikoa sustatu eta sedentarismoa gutxitzeko arlo anitzeko sare baten eredua izeneko komunikazioa aurkeztu zuen Gorka Iturriaga Madariagak, Cuencan, 2017ko abenduaren 13 eta 14an, Castilla-La Manchako Unibertsitateak antolatutako jarduera fisikoa eta osasunaren ikerketari buruzko nazioarteko jardunaldietan.

Gorka Iturriaga jarduera fisikoa eta osasuna ikasgaiaren irakaslea da UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatean, eta horretaz gain, Urkabustaizen, Arabako iparraldean dagoen herri txikian, zinegotzia da. Bere bi ikuspegiek ZUK ekimenaren bultzatzaileetako bat izateko balio izan diote eta proiektu honen talde sustatzailean dihardu Zuia, Urkabustaiz eta Kuartangoko beste ordezkari politiko batzuekin eta arlo ezberdinetako teknikariekin batera, besteak beste, ingurumena, hezkuntza, gizarte zerbitzuak edota osasunaren arloetakoak.

ZUK ekimena Mugiment egitasmoan kokatzen da eta ez da lehen aldia gizartearen aurrean aurkezten dela. 2016 urtean ere lekua izan zuen Bergaran ospatutako udalerri aktiboei buruzko jardunaldietan.

Ekimen apala izan arren, eredu izan daiteke beste udalerri txiki batzuentzat eta indarrak zein baliabideak batzearen aldeko apustua egiten duten herrientzat, izan jarduera fisikoa sustatzeko ekimenak sortzeko, izan beste gai batzuen inguruan lan egiteko.

Nazio artean aitortutako jardunaldi hauetan, urtero, jarduera fisikoa eta osasunaren inguruko ikerketa esanguratsuenak aurkezten dira eta estatuko zein nazio arteko puntako ikerlari eta txostengile asko erakartzen ditu. ZUK ekimena, ikerketa lan bat ez izanagatik ere, komunikazioen atalean aurkeztu zen urtero argitaratzen diren ebidentzia zientifiko guzti horiek praktikan jartzeko esperientzia bezala.

Gehiago jakin nahi baduzue hemen aurkituko duzue komunikazioaren edukia.

Etiketak:

Utzi erantzuna